NAIZ

Forondako aireportuaren berritze lanak hasi dira

Forondako aireportuaren berritze lanak hasi dira asteazken honetan. Iñaki Arriolak eta Denis Itxasok azaldu dutenez, lanek 1,75 milioiko kostua dute eta eraikinaren barrualdea zein kanpoaldea berrituko dituzte.

Denis Itxaso eta Iñaki Arriola egon dira gaur Forondan. (Raul BOGAJO/FOKU)
Denis Itxaso eta Iñaki Arriola egon dira gaur Forondan. (Raul BOGAJO/FOKU)

Forondako aireportuaren eraberritze-lanak hasi dira asteazken honetan. Obrek 1,75 milioi euroko aurrekontua dute eta eraikinaren barrualdea zein kanpoaldea berrituko dituzte.

Lakuako Gobernuak azaldu duenez, zerbitzu-bide berrietan lanak egiten ari dira eta inguruko bideak egokitzen ari dira. Bloke teknikoaren aldamenean, handling-ekipamenduetarako gune bat zolatzea ere aurreikusi da, 3.700 metro karratuko espazio berri bat sortuz. Halaber, suhiltzaileen eraikinaren aldamenean 1.243 metro karratuko azalera duen espazio bat asfaltatuko da.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburu Iñaki Arriolak esan duenez, Foronda merkantzia-garraioaren oinarri nagusietako bat da eta bertan egingo diren lanek aireportuaren lehiakortasuna handituko dute.

«Terminala berritu ondoren aireportuak hegaldi eta bidaiari gehiago erakartzeko ahalmena handituko du, aire-garraioan covid-19ak eragindako egoera normalizatzen denean. Izan ere, bi trafiko motek —merkantzienak eta bidaiarienak— dute lekua bertan eta aldi berean funtzionatu behar dute», adierazi du.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariaren ustez, «Gasteizko aireportuak etorkizunean hazten jarraitzeko gaitasuna erakusten du ekipamendu egokiaz eta etengabeko mantentze-lanez, bai aireko aldeko azpiegituran, bai bidaiarientzako eremuan. Horrela, Arabako azpiegiturak erreferentzia izaten jarraitu ahal izango du zamaontzien garraioan, Espainiako aireportuen artean laugarren postuari eutsiz».