Ane URKIRI

Vila-real eroso gailendu zaio itxura makala eskaini duen Alavesi (3-1)

Kaskar aritu da Alaves Vila-realen aurkako neurketan. Bi taldeen arteko desberdintasunak agerian geratu dira hasieratik eta Unai Emeryren taldeak merezita irabazi du lehia Alcacerrek −bi aldiz− eta Gerard Morenok egindako golei esker. Babazorroek garaipena ezin lortuta jarraitzen dute lau jardunaldiren ostean. [Partiduko xehetasunak]

Borja Sainz, gaurkoan hasieratik aritu dena, Mario Gasparri iskin egin nahian. (Oscar ARNAU / LA OTRA FOTO)
Borja Sainz, gaurkoan hasieratik aritu dena, Mario Gasparri iskin egin nahian. (Oscar ARNAU / LA OTRA FOTO)

Alaves bere itxura onena eskaintzetik oso urrun aritu da Vila-realen etxean. Oso kaskar aritu da, makal sumatu zaio eta Unai Emeryren taldea nolabaiteko erosotasunez gailendu zaio.

Hamahirugarren minutuan egin du lehen gola Alcacerrek, Mario Gasparren erdiraketa ukitu xume batekin Pacheco garaituz. Atzelarien marka erraz utzi du atzean Valentziako aurrelariak eta segundu batzuk lehenago huts egindako gol aukera garbiari erantzun paregabea eman dio.

Markagailuan aurretik jarri den lehen neurketa izan da Emeryk zuzendutako taldearentzat, aurreko hiruetan atzetik hasi izan baita; horietako batean berdinketa erdietsiz, bestean garaipena lortuz eta azkenengoan, porrot zabalari konponbiderik ezin bilatuta.

Gaurkoan, aldiz, berak eman du lehen pausoa eta Alaves bere menpe izatea lortu du, nahiz eta jokaldiak hasterakoan zenbait zailtasun erakutsi dituen. Aurrean, behin hegaleko jokalariak baloia hartzean edota Parejo eta Manu Trigueros jokoan sartzean, bizkortasunez gailendu dute Alaveseko atzeko lerroa, Navarro, Laguardia, Lejeune eta Duarteko osaturikoa.

Bitartean, kanpokoek lortu dute baloi arriskutsu batzuk lapurtzea baina ezin izan dute inolako irtenbiderik lortu. Halako batean, Deyversonek hegaletik botatako baloi luze batek Asenjoren irteera faltsua gainditu eta Edgar Mendez golarekin topatu da. Golarekin topatu da, hori izan daiteke deskripzio egokiena, bilatzeko meritu gehiegirik ez baitu egin.

Morenok 2-1ekoa penaltiz

Ezusteko horrek, baina, minutu gutxi batzuk iraun ditu eta lehen zatiaren hondarrean Lejeunek egindako penaltiaren ondotik merezitako 2-1ekoa egin du Gerard Morenok 11 metroetatik. Aurrelari katalanak denboraldiko hirugarren gola egin du, markagailua 1-0 zegoela ondo baliogabetu dioten golaren erreplika gisa.

Erreakziorik gabe geratu da Machinen taldea. Borja Sainzek hasieratik jokatu du Riojaren ordez, honi atseden emateko asmotan eta harrobiko jokalariak zenbait lasterketa on utzi baditu ere, bere parte-hartze onenetik urrun aritu da Leioakoa.

Bigarren zatian Vila-realen nagusitasunak bere horretan jarraitu du. Estupiñanek Pacheco lanean jarri du eta Moi Gomezek beste gol bat egin du jokoz kanpoko posizioan. Alcacerrek egin du azkenean 3-1ekoa Morenok zutoinera bota duen jaurtiketaren aldaratzea probestu ostean. Enegarrenez, aurrelariek erraz hartu diote bizkarra Alaveseko atzeko lerroari.

Badago zer aztertu

Machinek badauka zer aztertu asteazken honetako porrotaren ostean. Lau jardunalditan puntu bakarra eskuratu du eta igandean Athleticen aurka jokatuko du.

Nolanahi ere, entrenatzaile babazorroarentzat Alavesen «errealitatea» zein den ohartu beharra dago, «eta gaur Championsera sailkatzeko borrokan egongo den talde baten aurka lehiatu gara eta hori zaila da». Bere ustetan, «ez gara etsikorrak, errealistak gara».

«Goian estutzeko ideiarik zelairatu gara eta ondo estutu dugu; aukerak egin ditugu eta beraiek min eman digute. Atezainarekin bi aurrez aurreko izan ditugula gogoratzen dut eta asmatuz gero, hiru gol egingo genituzke», azaldu du.

Lucas Perez aurrelariak, bestalde, jokalari berrien beharra ikusten du egoerari buelta emateko. Vila-realek merezitako garaipena lortu duela onartu du neurketa bukatu berritan.