NAIZ

‘20 gorputz, 20 artista’ erakusketa ireki du Bilboko Berreginen Museoak

‘20 gorputz, 20 artista’ aldi baterako erakusketa berriaren diskurtsoa giza gorputzaz dugun pertzepzioan oinarritzen da. Fidel Diez Mesak komisariatua, ikuspegi bikoitza proposatzen du. Batetik, Museoko berreginen bilduma eta bestetik, erakundean dauden obrekin elkarrizketan diharduten obra garaikideak.

Berriz ateak ireki ditu Bilboko Berreginen Museoak. (NAIZ)
Berriz ateak ireki ditu Bilboko Berreginen Museoak. (NAIZ)

Bilboko Berreginen Museoak, Fidel Diezen komisariotzapean, udazkeneko aldi baterako erakusketen denboraldia abiarazi du ‘20 gorputz, 20 artista’ erakusketarekin.

Erakusketa honen kontzeptua desberdina da; ez da Bizkaiko erakundean orain arte ikusitakoak bezalakoa. Berrikuntzaz hitz egiteko funtsezko bi arrazoi daude. Hasteko, Fidel Diez Mesak sortutako erakusketa da. «Komisario independente batek sortua, Museoko teknikariekin lankidetzan Museoko berreginen bildumara gerturatzeko beste modu bat proposatu digu», azaldu dute antolatzaileek.

Bestetik, erakusketaren diskurtsoa giza gorputzaren pertzepzioari buruz dugun ideian oinarritzen da, eta 20 artista garaikideren lanak erabili ditu. «Euskadin finkatutako 20 artista hauek oso gaurkotasun handikoak dira, eta artiston lanaren bidez konparatiba bat egin daiteke; batetik, Greziako artea dugu, perfekzio fisikoaren adierazpenaren paradigma artistikoa, eta, bestetik, egun giza gorputzaren adierazpenak duen unibertso plurala», gaineratu dute.

‘20 gorputz, 20 artista’ erakusketak hasieratik proposatzen du ikuspegi bikoitza. Batetik, Museoko berreginen bilduma dago: ‘Samotraziako Garaipena’, ‘Moises’, ‘Hermes Dioniso umearekin’, ‘Borrokalariak’... Bestetik, erakundean dauden obrekin elkarrizketan diharduten obra garaikideak. Elkarrekin giza gorputzari buruzko pertzepzio garaikideaz hausnartzea proposatuko dute; izan ere, pertzepzio hori oso desberdina izango litzateke eredu klasikoek izandako eragin handirik gabe.

«Bilboko Berreginen Museoa eskultura ospetsuen kopien museoa denez, aldi baterako erakusketa honen alderdirik berritzaileena erabili diren formatu artistikoak dira; izan ere, hasi argazkietatik eta ikus-entzunezkoetara artekoak daude, baita ehunak ere. Gogoan izan behar da, gainera, Bildumako berreginen gaiarekin jolasean dabilela eta jatorrizko garaikideen karga eta edukia gehitu behar zaiela haiei, erakusketaren ardatz baitira», adierazi dute Museoko arduradunek.

Aipagarria da erakusketako artistarik gehienak emakumezkoak direla, 20 artistetatik 14, hain zuzen ere. Bilboko Berreginen Museoan izango da erakusketa ikusgai 2020ko urriaren 1etik 2021eko urtarrilaren 29ra.

Erakusketarekin zerikusia duten jarduerak

20 gorputz eta 20 pieza hauez gain, erakusketarekin zerikusia duten jardueren bidez ikusleek kontzeptuak aurkitu nahi dira. Hori dela eta, urriaren 2an eta 3an bisita gidatu bat izango da Museoaren Lagunentzat, Fidel Diez komisarioa gidari dela. Urriaren 22an, 18.00etan hitzaldia emango du komisarioak ‘Emakumezko gorputza Artearen Historian’ gaiari buruz.

Azaroan ere izango dira jarduerak. Azaroaren 12an, esaterako, Paquito Nogalesen ‘El palomo cojo’ (Uso ar herrena) performancea iragarri da.

Jarduerei amaiera emateko, abenduan Skolastikako Josune Muñozen hitzaldia izango da, ‘Emakume artistak’. Ezusteko bat ere iragarri dute.