NAIZ

Biktima guztiak aitortzearen alde egin dute Elgoibarko udal talde eta sindikatu guztiek

Erabateko adostasuna agertu da Elgoibarren, «motibazio politikoko giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimentzako» erreparazioa eta aitorpen eskatuz. EAJk, EH Bilduk, PSEk eta EPk udaletxean harturiko akordioarekin bat egin dute ELA, LAB, CCOO, UGT eta abarrek.

Estatuaren indarkeriak eragindako biktimen aldeko ekitaldia, Hernanin. (Jon URBE | FOKU)
Estatuaren indarkeriak eragindako biktimen aldeko ekitaldia, Hernanin. (Jon URBE | FOKU)

Asteazkenean aho batez onartu du Elgoibarko Udalbatzak biktima guztiak aitortu eta erreparatzeko mozioa, Foro Sozial Iraunkorrak proposatua. Bat egin dute, beraz, EAJk, EH Bilduk, PSEk eta EPk.

«Motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei babesa eskaintzea eta biktima horien erreparazioa eta aitorpena tramitatzea, uztailaren 28ko 12/2016 Legea aldatzen duen apirilaren 4ko 5/2019 Legean oinarrituta», onartzen da mozio honen bitartez.

Hau gutxi balitz, ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, CNT, HIRU eta Etxalde sindikatuek atxekimendua eman diote mozioari, hiru puntu dituen adierazpen honen bidez: «1. Sindikatuok gure aitortza adierazten diegu EAEn motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei, eta positiboki baloratzen dugu 5/2019 Legeak eman beharko lieken erreparazioa, egiarako, justiziarako eta memoriarako eskubideak lortzeko urrats garrantzitsu gisa. 2. Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimak, bereziki gure afiliatuak direnak, animatzen ditugu errekonozimendua eta erreparazioa lortzeko eskaerak izapidetzera, eta lan horretarako aholkularitza eta laguntza emateko konpromisoa hartzen dugu. 3. Sindikatuok konpromisoa hartzen dugu Lege honen berri gure ohiko komunikazio bideetatik emateko, prozedura horiek hasteko interesa izan dezaketen pertsonek jakin dezaten zein aukera eta eskubide dituzten».

Izan ere, sindikatu hauek gogora ekartzen dutenez, «langile mugimendua izan zen, urte askoan, praktika horien jopuntu. Sindikatuok eta gure afiliatu askok jasan genituen manifestazioen kontrako errepresio gogorra, atxiloketak, torturak, “inkontrolatuen” basakeria... zenbaitek bizia galtzeraino».