Asier AIESTARAN

Arnaud Demare izan da azkarrena Giroko laugarren etapa erabaki duen esprintean

Groupama taldeko esprinterrak Peter Sagan (Bora) eta Davide Ballerini (Deceuninck) menderatu ditu garaipena jokatu duen multzo jendetsuan. Joao Almeidak jarraituko du lider eta Geraint Thomasek etxerako bidea hartu du etapa hasi aurretik. [Sailkapenak]

Arnaud Demare eta Peter Sagan, azken esfortzuan (Luca BETTINI / AFP)
Arnaud Demare eta Peter Sagan, azken esfortzuan (Luca BETTINI / AFP)

Arnaud Demare frantziarrak irabazi du Giroko laugarren etapa, 140 kilometrokoa Catania eta Villafranca Tirrena artean. Groupama taldeko esprinterra Peter Sagan (Bora) eta Davide Ballerini (Deceuninck) baino azkarragoa izan da garaipena jokatu duen multzo jendetsuan.

Ibilbidearen erdialdean igo duten Portella Mandrazzi mendateak baldintzatu du etaparen nondik norakoa: 23 kilometroko mendate luzea nahiz eta ez izan oso gogorra (%4ko bataz besteko penditza).

Igoera horretan atzean geratu dira Fernando Gaviria (UAE) eta Elia Viviani (Cofidis) bezalako bi esprinter eta Bora eta Groupama lanean jardun dira aurrean gizon azkar horiek aurreko multzoan sartu ez zitezen. Ez dute helburua lortu Vivianirekin, aurrekoekin bat egitea lortu baitu, baina bai Gaviriarekin, kilometro askoan lanean aritu arren UAEk ez baitu lortu kolonbiarra aurrean sartzea.

Eguneko ihesaldiari dagokionez, Simon Pellaud (Androni), Kamil Gradek (CCC) eta Marco Frapporti (Vini Zabu-KTM) izan dira ezustekoa ematen saiatu direnak. Pellaud izan da urrutien iritsi dena, baina 25 kilometroren faltan harrapatu du abiada bizian zetorren tropelak.

Azken kilometro arriskutsuetan sartuta, Peter Sagan izan da esprinta jaurti duena, baina atzetik aurrera etorrita Demare ian da garaipena larri-larri eskuratu duena. Photo-finisha behar izan da garailea zein izan den erabakitzeko.

Sailkapen nagusian ez dago aldaketarik. Joao Almeidak jarraituko du lehen postuan, nahiz eta Jonathan Caicedo tarteko helmugan gainsaria lortzen saiatu den. Bi segundo baino ez daude bien artean, eta Pello Bilbao da hirugarren 39 segundora.

Gainera, Geraint Thomas galestarrak ez du irteera hartu atzoko erorikoaren erruz.

Bihar jokatuko da bosgarren etapa, 225 kilometro Mileto eta Camigliatello Silano artean, eta helmugatik 10 kilometrora Lehen Mailako mendate bat igo beharko dute.