Amaia Ereñaga

Felix Valdes enpresariaren bilduma oparo eta ezkutua, Bilboko Arte Ederretako Museoan

Nobela beltz batetik ateratakoak dirudite Felix Fernandez-Valdes (Bilbo, 1895-1976) enpresariak bere bizitzan eskuratutako arte bildumaren inguruko hainbat osagaik; Ginean zituen jabetzak, Hitlerri Francok opari egin nahi zion Goya bat, eta maisulanez lepo zegoen Gran Viako etxea... Bilboko Arte Ederren Museoko ‘Valdes bildumako maisulanak’ erakusketa bitxia da maila askotan.

Don Felix, Daniel Vazquez Diazek egin zion erretratuan. (RAFAEL BOTIREN BILDUMA)
Don Felix, Daniel Vazquez Diazek egin zion erretratuan. (RAFAEL BOTIREN BILDUMA)

Lasai dagoela dirudi, erlaxatua, Felix Fernandez-Valdes enpresaria Daniel Vazquez Diaz lagunak 50. hamarkadan margotu zion erretratuan. Zigarro bat esku batean; bestean, txapela eta atzean, pianoa. ‘Valdes bildumako maisulanak’ erakusketaren sarreran kokatu duten erretratu atsegina ez zuen, ordea, don Felixek maite. Jaime Fernandez-Valdes Zubiriak, bere bilobak, horrela aitortuta. Aitonari artelan hauek eskuratzeko grina zerk eragiten zion galdetzean, senitartekoari edo gizarteri ondasun bat utzi nahia, esaterako, argi du Jaimek: «Aitonak ez zuen etorkizunean pentsatzen».

Ertz askotako gizona dirudi don Felix –denek horrela deitzen zioten–, garai nahasiak bizi zituen enpresari bilbotarra. Beti isil, tratuak itxi ostean isilpean gordetzen zituen horrelakoa. Oso katolikoa –egunero, meza eta arrosariokoa–, monarkikoa omen zen. «Baina ez dut uste Frankoren erregineraren aldekoa zenik, nahiz eta Ginean izan zituen negozioetan lagungarria izan zitzaion frankismoa. Nik uste dut monarkikoa izan zela», esan du erakusketaren aurkezpenean Pilar Silva Marotok, El Pradoko kontserbatzaile ohiak. 

Urriaren 7tik datorren urteko otsailaren 1era arte egongo da ikusgai Bilboko Arte Ederretako Museoan bere edertasunagatik txunditzen duen bilduma hau. Don Felixen zazpi semeen artean dago banatuta bildumaren erdia; beste erdia, museoetan edo bilduma pribatuetan. Bertan Goya, El Greco, Zurbaran, Van Dyck, Rosales, Regoyos, Sorolla, Zuloaga eta Deulanay aurkitu daitezke.

Gineatik eta Bilbotik zetorren dirua

Bi urteren buruan egindako lanaren ostean, 79 artelan jarri dituzte guztiontzat ikusgai BBK aretoan. Bost mendeetako lanak, XIV. mendetik XX. bitartean, kronologikoki aurkeztuta, horrelaxe zituelako ere ikusgai Felix Valdesek Gran Viako 15. zenbakiko museo-etxean. Horixe baitzen, museoa. Gehien maite zituenak han zeuden –400 eskuratu zituen, gutxienez, ez baitago argi zenbat erosi zituen–; gainerakoak, seme-alaben etxeetan.

Seme bakarra, aitarengandik espainiar Ginean lursailak eskuratu zituen. Osaba-izebengandik, dirutza. Tomas Urquijo eta Piedad Izagirreren bikotea seme-alabarik gabe hiltzean, Felix oinordeko izendatu zuten. Jasotakoaren ‘ordainetan’, Deustuko Salesianoen elizaren lanek bukaera –bertan dago lurperatuta ere don Felix– eta bere arte bildumaren lehen koadroa. Handik aurrera, Felixek artelan ugari erosi zituen. Batez ere, 40. hamarkadan, bigarren Mundu Gerran.

Garai hartakoa da ‘Santa Cruzeko markesa’ (1805), zalantzarik gabe, thriller baten protagonista izan daiteken margolana. Goyaren koadro hau gaur egun Prado Museokoa da, baina Valdes bildumako harribitxia zen. Bai duen balioagatik, baita duen istorioagatik. Valdések Franco familiari erosi zion erretratua 1947an, milio eta erdi pezeten truke. Eta nola iritsi zen Francoren eskuetara?

Hitler, Franco eta lauburua

Ez dago oso argi, baina suposa daiteke Francok Santa Cruzeko markesei ostu ziela. Hitlerri oparitu egin nahi zizkion margolan batzuen artean zegoen ‘Santa Cruzeko markesa’. Koadroan dagoen harpan lauburu bat ikusten da, baina Francok sbastika ikusten zuen bertan. Jabea judua zen, saltzera behartuta, eta bat-batean Francoren eskuan azaltzen da, ez dago argi nola, eta Pradon gordeta. Antza, milioi bat ordaindu zuen diktadoreak. Nori? Inori, seguruenik; gerraostean horrela asko gertatu izan dira.

Valdesek bai, ordaindu zion, eta bat-batean 80. hamarkadaren erdian, Londreseko enkante batean agertu zen salgai. Gobernuak erosi egin zuen eta, 880 miloi pezeta ordaindu ondoren, ‘Santa Cruzeko markesa’ berriz itzuli egin zen Madrilera. Orain, Bilbon dago berriz.