Sakonean
Rapa Nui

Planetako txokorik urrunena da, edonondik begiratuta. Tira, ia edonondik: rapanuitarrek ‘Te pito o te henua’ deitzen diote euren etxeari, ‘munduaren zilborra’, alegia. Kioskoetan salgai dagoen urriko ‘7 Haizetara’ aldizkarian oso nortasun bereziko nazio honetan murgildu gara, baita rapanui kultura eta hizkuntza berreskuratzeko egiten ari diren ahaleginetan.

Urtzi Urrutikoetxea|2020/10/07
040_06urtzi10
Rapa Nuiko moaiak.

Urriko zenbakian, 7 Haizetara aldizkarian rapanuitarrek «munduaren zilborra» deitzen dioten txokora gerturatu gara. Gainerakoentzat, gure planetako geografia irudikatuen zerrendan dagoen txoko kutunetakoa da, uharteko biztanleen eta bertako kulturaren berezitasunei esker. Oraindik misterioz inguratuta ageri diren aurpegi erraldoien moai estatuei esker, batez ere.

Erronbo itxurako uharte batean, 163 kilometro koadro. Gero, milaka kilometro itsaso, Antartikara, Hego Amerikara zein Polinesiako beste uharte batzuetara iristeko. Urrun denak ere, «baina ez isolatuta» rapanuitarrek esan ohi duten legez.

Oso nortasun berezia daukan nazioa bizi da hemen, mende luzez zibilizazio propioa garatu zuena, tragedia handiek kolpatua, baina, era berean, beti jakin duena urruntasuna eta isolamendua ez direla gauza bera. Kulturaz, hizkuntzaz, ohituraz, ahaide asko dituzte Pazifiko osoan, Hawaiitik Zeelanda Berrira, eta mundu global honetan ere geroz eta hurbilago daude, berriz ere, sare eta lotura historiko horiek.

Hanga Roa da Rapa Nuiko hiriburua. Hobe esanda, herri bakarra. Bertan lur hartzen dugu lauzpabost orduko hegaldiaren ostean (lau Tahititik, bost Txiletik), eta bertan daude uharteko biztanle eta zerbitzu guztiak. Ostatua ere, beraz, Hanga Roan hartu behar da, eta hemendik abiatu uhartea ezagutzera.

Ez da beti horrela izan: uharte osoan zehar bizi izan ziren rapanuitarrak lehen, baina kolonizazioak lurralde guztia kendu zien, artzain industriarako latifundio handi bihurtzeko uhartea, eta bertako biztanleak herri txiki baten gatibatzeko. Gerora Txileko herritar bihurtu ziren, Estatuak zenbait eskubide berezi ere aitortu dizkie, baina Rapa Nuiko lurraren gaineko gatazka ez dago amaituta: antigoaleko eremuetara itzultzea eskatzen dute askok, baina parke nazionala da herritik kanpoko lurralde guztia. Azken urteotan, hainbat protesta-kanpaleku egin dituzte rapanuitarrek.

Rapanui hizkuntza

Herriko kale nagusia Te pito o te henua da, Santa Cruz elizatik porturaino jaisten da eta ezkerretara uzten ditu aireportura doazen Atamu Tekena eta Avareipua kaleak. Hiru horiek eta itsasertzetik doan Policarpo Diazek biltzen dituzten Hanga Roako ostatu, jatetxe, denda eta bestelako zerbitzuak, auto-alogerak edo tour bereziak, esaterako.

Eliza ez da aparteko eraikina, baina polinesiar kulturaren sinkretismo bitxi batekin jokatzen du iruditerian, bai kanpoaldean bai barruko figuretan. Aldamenean, herriko bi artisau azoketako bat dauka. Ezkerretarantz, ‘Hoŋa'a Re'o’ edo ‘Hizkuntzaren habia’ izeneko egitasmo interesgarria dago: rapanui hizkuntzak nabarmen egin du atzera azken hamarkadetan, baina hizkuntzan murgiltzeko ikastetxe autogestionatua sortu dute.

Portu txikira jaitsita, lekuaren dimentsioren zantzu bat har liteke, adibidez hileroko zamaontzia badator; munduko edozein lekutatik zeinen urrun gauden ere sumatuko dugu. Litekeena da bidaiako lehen moaiak ere hemen ikustea. 900 moai baino gehiago zenbatu dituzte uhartean zehar: munduan ezagutzen diren artelan bikain eta misteriotsuenetakoak dira. Zuriekin izandako harremanek edo barne borrokek moaiak euren ahu oinarrietatik erauztea ekarri zuen, eta egun zutik ikus daitezkeenak azken hamarkadetan berreskuratu eta altxatutakoak dira.

Jende asko elkartzen da ilunabarrean Ahu Tahai parean, belardian etzanda eguzkia moaien atzean gordetzen ikusteko. Oinez bidezidorra jarraituta edo asfaltatu gabeko bidetik gidatzen, Rapa Nuiko museoa daukagu. Uhartea bisitatu aurretik hemengo herri eta kulturarekin harremana izateko leku paregabea da.

Anakena, harea zurizko hondartza ederra

Hanga Roako portuaren ondoan eta Ahu Tahaira bidean badira hondartza txiki pare bat. Hareazko egiazko hondartza bakarra, baina, uhartearen beste puntan dago. Anakena zinez ederra da, harea zuri-zuria du eta Ahu Nau Nau moaien magalean dago. Ondoen kontserbatutako moaiak dira, eta euretako lauk pukao edo ‘txanoa’ daramate. Hondartza atzean eta palmondoak hurbil, leku zoragarria da.

Hanga Roatik kanpo aurkituko ditugun jatetxe bakarrak ere Anakenan daude. Gogoan izan herritik kanpo bisitatu nahi dugun edozein lekutara joateko parke nazionaleko txartela erosi behar dela. 80 dolar balio ditu eta hamar egunez erabil daiteke (Rano Raraku harrobian eta Orongo sumendian izan ezik, behin baino ezin baitira bisitatu).

Uhartearen itzulia 50 kilometrokoa da, Hanga Roatik Anakena hondartzara doa uhartearen erditik (ipar-mendebaldean ez dago errepide asfaltaturik, baina mendi txango interesgarri pare bat egin daitezke Terevaka sumendira eta inguruko moaietara), eta hego-ekialdeko kostaldeko errepidetik egiten da itzulerako bidaia. Edo alderantziz.

Ustez bizkor samar egin litekeen bidea da, baina merezi du beharrezko denbora hartzea, baita ziur aski beste egunen baten itzultzea ere: eguzkiak nondik jo, ikuspegia bera ere asko aldatzen da, Tongarikin esaterako. Anakenatik doan bidean petroglifo garrantzitsuak daude, Papa Tataku Poki esaterako, Rapa Nui kultura ulertzeko oso baliagarria.

Rapa Nuiko lekurik ezagun eta magikoenetakoa da Ahu Tongariki; mila argazkitan ikusita ere arnasa kentzen duen txokoa. Hamabost moai erraldoi lerroan ezarrita itsasoari bizkar ematen ea irlara, sumendira begira; ez da harritzekoa uharteko lekurik ikusgarriena izatea. Ehun metro luze den aldare baten gainean daude moaiak eta Polinesia guztiko monumentu handiena eratzen dute. Ez dira moai simetrikoak, batzuk handiagoak eta besteak txikiagoak, lodiagoak edo finagoak dira.

Txori-gizakia

Ahu Tongariki eta aldameneko sumendian daukan Rano Raraku harrobiak eratu dute Rapa Nuiri buruzko iruditeria hamarkadaz hamarkada. Ahu Tongariki gauza askogatik da ikusgarria: moai kopuru altua, itsaso pareko kokagunea, eguzkiak jo ahala zelan aldatzen den harriaren kolorea, itzala… Harrobiak, gainera, kontraste basatia egiten dio, lehengoaren kokapen berezia eta bigarrenaren utzikeria parez pare jarrita; moaiak lurrean botata mendi magalean, oraindik ere harkaitzetik erabat jaio gabeko eskulturak...

Gero, errepidea uhartearen hegoaldetik doa, itsaso zakarraren olatuen ikuspegiarekin sarri, tarteka-marteka, moai eroriren bat, ahu bat edo beste eta zelai zabalak ageri direla. Aireportua atzean utzita, Rano Kau sumendira igotzen da bizkor errepidea. Itzela da bidea, eta, ikuspegia, ez sinestekoa. Sumendira bertara lehendabizi.

Aparkalekutik Orongo herri zaharrera doa bidexka. Uharteko herri eta taldeak hemen batzartu ohi ziren uhartean iraganean, Rapa Nuitik ikus litekeen beste lur eremu bakarrera joateko: hiru irla txiki daude parez pare. Hiruretako handienera, Motu Nuira joan behar zuten gazteek igeri Tangata Manu edo ‘txori-gizakiaren’ proba egiteko.

Rapa Nui klanetako gazteak Moto Nuirainoko ur arriskutsuetan igeri joaten ziren, Make-Make jainko sortzailearen ospakizunean, udaberrian. ‘Txenada ilunaren’ (manu tara) habiaraino igo behar zuten haitzetatik, arrautza hartu eta Orongoraino itzuli. Misiolari kristauek duela 150 urte debekatu zuten arte iraun zuen tradizioak.

Orongo utzita sumendiaren inguruan doa ibilbidea txunditzekoa da. Mundu lekurik berezienetakoan zaudela jabetzen zara, eta hilzorian egon zen herri bat ezagutu eta haren kulturaz gozatzeko zoria duzula.

Gida praktikoa: Nola iritsi

Hegazkina da modu praktiko bakarra (hilean behin Valparaisotik abiatzen den zama-ontzia kenduta). Txileko Santiagotik bizpahiru hegaldi daude egunean. Papeete (Frantziaren menpeko Polinesian) da beste lotura bakarra, astean behin daukan hegaldiarekin. LATAM konpainiak egiten ditu hegaldiak, eta oso garestiak izan ohi dira txartelak, baina, Internetez garaiz begiratuta, deskontu interesgarriak aurki litezke tarteka. Aholku bat, beraz: uharte txikia da eta gehienak hiruzpalau egunerako etortzen dira; ondo ikus liteke egun horiekin, baina, aukeran, gehiago ere gorde, oso urrun dago Rapa Nui, eta baliteke berriz ez itzultzea.

Noiz joan

Goi denboraldia bertako udan da, otsailean batez ere, Tapati festibala egiten denean. Gure udako oporretan, uztail-abuztuan, negua da han: Txilerekin alderatuta epela da, baina Polinesiako eremu tropikalen ondoan nabarmena da eguraldi freskoa. Rapanuiera bizirik badago ere, atzerakada handia jasan du, eta espainiera da gaur egun uharteko hizkuntza nagusia. Askok dakite ingelesez ere, eta Tahitin egon izan direnek frantsesa ere bai.

Bertan mugitu

Latinoamerikaren aldean, baita gainontzeko herrialdeak baino garestiagoa den Txilerekin alderatuta ere, prezioak nabarmen gorago daude Rapa Nuin, ia dena oso urrundik inportatu behar baita. Polinesiara begiratuz gero, ordea, merkeagoa da. Ostatu asko daude Hanga Roan, prezio askotakoak, eta jatetxe merke-merkerik egon ez arren,  prezio ertainak dituzte leku batzuek. Herriko supermerkatu parean nabari da aldea. Autoa alokatzeko, komeni da bizpahiru lekutan galdetzea, eta egun bat baino gehiagorako deskonturik egiten ote duten galdetzea.