NAIZ

Akusazioa ukatu egin dute Lopez Ruiz eta Latasa preso ohiek, ANean abiatutako epaiketan

Aretxabaletan 1986. urtean ETAk eginiko atentatu batean ez zutela parte hartuko ziurtatu dute gaur Auzitegi Nazionalean Antton Lopez Ruiz eta Jose Miguel Latasa preso ohiek. Epaiketa hasi aurretik, 66 urteko kartzela eskaera luzatua du Fiskatzak. Jada 26 urte pasa dituzte kartzelaratuta, 2013ra arte hain zuzen ere.

Antton Lopez Ruiz, Intxaurrondo aurreko atxiloketa batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Antton Lopez Ruiz, Intxaurrondo aurreko atxiloketa batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Aretxabaletan bi guardia zibil hil zituen ETAren ekintza bat egotzita, gaur ostegunean Auzitegi Nazionalean eseriarazi dituzte berriz Antton Lopez Ruiz eta Jose Miguel Latasa preso ohiak. 2013. urtetik aske dira, zigorra guztiz beteta: 26 urte hain zuzen ere. Orain eraikitako akusazio berri honen bitartez 66 urteko zigor eskaera egin du Fiskaltzak, epaiketa hasieran behintzat.

Atentatu horren egileak zirenik goitik behera ukatu egin dute bi auzipetuek. Lopez Ruizek gogora ekarri dutenez, gau berean, ordu batzuk lehenago, bere komandoak (Goierri Kosta delakoak) Ordiziako koartelaren aurkako ekintza bat egin zuen, baina ez Aretxabaletakoa.

Fiskalaren galderei erantzun die Lopez Ruizek, bai eta biktimen abokatuei ere, Ordiziakoaz zein Aretxabaletakoaz egia esaten ari dela nabarmenduz. Horrekin batera, ETAk eragindako biktimen «samin handiaz jabetzen naiz», aitortu du.

Zenbait espainiar hedabidek nabarmendu dutenez, hildako guardia zibilen senideek eta beste hainbat pertsonek Latasa eta Lopez Ruizen aurkako oihu eta irainak entzunarazi dituzte auzitegian.

Iñaki Bilbao Beaskoetxea

Bitartean, gaurkoan ere Iñaki Bilbao Beaskoetxearen aurkako epaia jakinarazi du Auzitegi Nazionalak: 74 urteko zigorra ezarri dio baina ez du espetxera itzuli beharrik, jada 30 urteko gehieneko kartzelaratze-epea (gero 40 urtetara zabalduko zena) betea duelako.

Pasa den astean utzi zuten aske Iñaki Bilbao Beaskoetxea lemoarra, epaiketa hau burutu ostean.