Maddi Txintxurreta

Nola zaindu preso eta senideak, suntsitzeko prestatuta dagoen sarean izanda

Nekane Txapartegi Suitzan errefuxiatuta dagoen preso ohiak, Esti Amenabarro senideak eta Maite Aranalde, Katia Reimberg eta Maite Ortiz preso ohiek emakume moduan kartzelarekin izan duten harremanaren inguruan hausnartu zuten asteazkenean Villabonan.

“Emakumea*, espetxea, zaintza” mahaingurua, Villabonan. (Gorka RUBIO/FOKU)
“Emakumea*, espetxea, zaintza” mahaingurua, Villabonan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Emakume presoek edo presoen senide emakumezkoek zaintza lanetan jarri duten esfortzu eskerga argia da, agerikoa den bezala zaintza hori behar bezala gauzatzeko kartzelak, edo sistemak, jartzen dituen oztopoak. ‘Emakumea*, espetxea, zaintza’ mahai-ingurua antolatu zuen asteazkenean Villabonan Lurgatz talde feministak eta kartzelarekin, barrutik edo kanpotik, nolabaiteko harremana izan duten hizlariak gonbidatu zituzten Mintzolara.

Nork bere esperientziatik hitz egin zuen Villabonako mahaian, eta bakoitzak presondegiekin daukan edo izan duen harremana ezberdina den arren, hizlari guztiek bat egin zuten esatean kartzela «miseria» dela, pertsonak «suntsitzeko» berariaz prestatuta dagoen insituzio bat. «Nahiz eta, egun, ongizate estatuak eta demokraziaren defentsa egiten dutenek espetxeak bergizarteratzeko balioa duela esaten duten, espetxea gertutik ezagutzen duen edonork badaki funtzio hori ez dela erreala», agertu zuen Esti Amenabarrok.

Kanpotik ezagutu du espetxea Amenabarrok, bikotea du barruan, Lierni Amendariz, irailaren 18an Kantabriara gerturatua. Emakumezko senide bat espetxean dutenek argi ikusten dute, bere esanetan, sistema patriarkalak ez duela aurreikusten emakumeek ezer txarrik egin dezaketenik, beraz kartzela gizonendako diseinatuta dagoela. «Zigor hirukoitza jasaten dute emakumeek kartzelan: politikoa edo soziala, sexuala edo pertsonala eta penala», adierazi zuen.

Moderatzaile lanak egin zituen Esti Amenabarrok, eta gogoz aurkeztu zuen Maite Ortiz, «preso ikusi genuen lehen emakumea, lehenengo ama» eta Lurgatz taldeko kidea. 1987an Carabanchelen sartu zuten preso, bere senarra erbesteratu egin zen, eta seme-alabek amonarekin geratu behar izan zuten. «Beldur nintzen nola eragingo zien egoera horrek nire seme-alabei», esan zuen.

Preso bezela Ortizek izan zuen esperientzia, mahai-inguruan esan zuenez, ondoren kartzelaratuko zituzten emakumeen oso bestelakoa izan zen. Dispertsio sistema mendekatia ez zen oraindik martxan, eta preso politiko guztiek elkarren artean zaintzen zuten: «Norbait momentu txar bat pasatzen ari bazen, han ziren kide guztiak zaintzeko». «Atera nintzenean, dispertsioa hasi zen. Denok batera egotetik bananduta egotera igaro ziren, eta kartzela-erregimen oso desberdin batean», esan zuen.

Egun, semea kartzelan du Maite Ortizek. Galdetu ziotenenean zer sentitzen zuen lehenengo bera kartzelan egon eta orain semea preso izatean, «oso gogorra» dela besterik ezin izan zuen esan.

Elkartasuna

Preso egonda zainduta sentitzea beharrezkoa dela azpimarratu zuen Maite Aranalde preso ohiak. Ez soilik «kanpokoen» zaintza, bisitak jasotzea, telefono deiak edo, euskal preso politikoen kasuan, «herriaren babesa» sentitzea. Beharrezkoa da bere iritziz espetxe barruko «elkartasuna», nahiz eta aparatu kartzelarioak hori «suntsitzen» saiatzen diren.

«Desberdina da gizon edo emakume izatea kartzelan. Gizonak indartsuago atera daitezke espetxetik, gu ez, gu apurtuta ateratzen gara, are gehiago emakumea eta migrantea bazara. Espetxetik igarotzerakoan estereotipoak indartu egiten dira: latinoamerikarra bazara, drogarekin lotutako delitu bat egin duzu. Txantxetan, beti esaten dut: hurrengo delitua delitu politikoa izango da!».

Katia Reimberg brasildarrak hartu zuen hitza. Martutenen egon zen preso, eta ongi ezagutu zuen zer den zaintzarik gabe, kanpoko zaintzarik gabe bederen, kartzelan bizirautea. Preso eman zuen denboran ez zuen bisitarik jaso. Gainera, bere «zigorra» bisean bisekoen gelak garbitzea izan zela salatu zuen. «Ahal duten min gehiena egiten dizute. Bisean bisekoak garbitu behar nituen, bisitarik ez nuenean. Kartzela zaindu behar duzu, garbitu egin behar duzu, babesten ez duzun sistema bat zaindu», gaitzetsi zuen.

Hezi, ezlekuan

Zigortzeko asmoaz aparte, kartzelak emakumeak «hezteko» hartzen duen funtzioaz hitz egiten ari zenean Maite Aranalde, Nekane Txapartegik, preso ohia baita ere, eta Suitzan errefuxiatua egun, baietz egiten zuen buruarekin Mintzolan jarritako pantailatik.

Emakumea otzan bihurtzen saiatzen dira kartzelak bien esanetan, esandakoari men egin dezan prestatzen, hori baita sistema heteropatriarkalak lege kultural gisa ezarri duena emakumeentzako.

«Zigortu eta hezi nahi gaituzte, gugandik espero ditugun rolak apurtu ditugulako. Suitzan, amatasunaren gaiarekin Estatuak oso gogor jotzen du, ama espetxean badago, segituan haurra ikusteko eskubidea kentzen zaio. Instituzioek ba omen dakite zer den ama ona eta zer ez. Hori bai ez nuela onartu, hiru hilabetez debekatu zidaten alaba ikustea. Hori erabiltzen zuten nire kontra, ez banuen kolaboratzen, alaba umezurtz geratuko zela esaten zidaten», kontatu zuen Txapartegik.

1999an Soto del Realgo kartzelan egon zen, eta 2016an atzera ere preso sartu zuten, Suitzan. Bi esperientzien arteko desberdintasun behinena «isolamendua» izan zela nabarmendu zuen. «1999an, nahiz eta dispertsatua egon, euskal preso politikoekin batera nengoen, eta hori beharrezkoa izan nuen komisarian bost egunez torturatua izan eta gero. 2016an gogorrena izan zen 23 ordu isolatua egoten nintzela, ordu bat neukan paseatzeko eta alabarengandik bananduta nengoen», kontatu zuen.

Suitzan preso egon zenean ongi ezagutu zuen zapalkuntza hirukoitza Txapartegik. Preso politikoa, emakumea eta migrantea izateak «ezleku» batera eraman zuen, «ezleku patriarkal eta jerarkizatu» batera. Azaldu zuen emakumeentzako modulurik ez dagoela Suitzan, modulu berezietan sartzen dituztela, pertsona transekin eta arazo psikologikoak dituzten gizonekin. Hau da, «gizarte heteropatriarkalean funtzionatzen ez dutenak espetxearen barruan ere baztertzen zituzten».

Horrek guztiak hainbat kezka sorrarazi zizkion: «Nola egin aurre honi bakarrik, 23 ordu isolatuta, asilo politiko eskaera eginda, torturak berriro kontatu beharrean? Zeri heldu? Debekatu egiten zidaten alaba besarkatzea, euskaraz ezin nuen hitz egin, abokatuari ere ezin nion deitu. Nola biziraun eguneroko borrokan subjektu politiko izaten jarraitzeko?».

Mahai-ingurua amaitzear zegoela, egoera irauli eta zaintza sistema hobetzeko proposamenak egitea eskatu zien moderatzaileak gonbidatuei. Soluzioa ez da erraza: sistema kartzelarioarekin amaitzea eskatu zuten, eta zaintza egitura berriak sortzea. Izan zen, ordea, berehalako proposamenik, errazagoa, egoerak irauten duen bitartean: gutunak idaztea presoei. «Senti dezatela ez daudela bakarrik».