NAIZ
BILBO

Eider Rodriguez eta Lander Garro idazleek irabazi dute Etxepare Itzulpen Saria

Eider Rodriguez eta Lander Garro idazleek irabazi dute Etxepare Itzulpen saria Rodriguezek berak idatzitako ‘Bihotz handiegia’ ipuin bildumaren gaztelerarako itzulpenarengatik. Euskarazko jatorrizko bertsioa Susak 2017an argitaratua da; itzulpena Random Housek kaleratu du.

Eider Rodriguez, ‘Bihotz handiegia’ liburua aurkeztu zuenean, Susa argitaletxearen eskutik. (Gorka RUBIO I FOKU)
Eider Rodriguez, ‘Bihotz handiegia’ liburua aurkeztu zuenean, Susa argitaletxearen eskutik. (Gorka RUBIO I FOKU)

Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpengintza sariaren seigarren edizioan, Eider Rodriguez (Errenteria, 1977) eta Lander Garro (Errenteria, 1975) itzultzaileak suertatu dira garaile. Lan saritua, Rodriguezek berak idatzitako ‘Bihotz Handiegia’ ipuin bildumaren gaztelerarako itzulpena izan da: ‘Un corazón demasiado grande’. Bartzelonan egoitza duen Literatura Random House etxeak, Penguin Random House Grupo Editorial taldearen parte denak, atera du obra hau argitara.

Ostiral goiz honetan Etxepare Euskal Institutuak jakitera eman du ebazpena eta zehaztu duenez, itzultzaileek eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute; eta, horrez gain, 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute argitalpen horien sustapenerako.

Saria nori eman erabakitzeko orduan, epaimahaiak itzulpenaren kalitatea izan du kontuan, baita argitaletxeak egin duen sustapen lana ere. Hein batean auto-itzulpena izanagatik ere, epaimahaiak adierazi duenez, «itzulpena ona da eta idazleak ez du aukera aprobetxatu beste bertsio bat egiteko». Izan ere, itzulpena jatorrizko obrarekiko leiala dela azaldu dute, ez baitute «aldentzerik nabaritu». Argitaletxearen garrantziak ere paper garrantzitsua izan du obraren sustapen plangintzan; epaimahaiak plan hori trinkoa eta aberatsa izan dela argudiatu baitu.

Irabazleek gaur bertan jaso dute saria, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon. Bertan izan da Bingen Zupiria Lakuako Kultura sailburua. «Liburuak etxekoen plazara ez ezik, mundura jalgiko badira, ezinbestekoa da itzulpengintza –esan du, Bernat Etxepareren hitzak gogora ekarriz–. Beste hizkuntza batzuen plazara iristeko modua posible egitea. Eider Rodriguezek eta Lander Garrok bikain burutu dute itzulpen-lan hori, lankidetza eraginkorrean», erantsi du.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazasari sariak euskarazko lanen itzulpengintza eta argitaratzea sustatzea duela xede azpimarratu du, «itzulpengintzak ezinbesteko zubigintza lana egiten duelako gure literaturaren eta munduko irakurleen, munduko beste kulturen artean».

Sariaren seigarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Inaxio Garro, Euskara arduraduna Laboral Kutxan; Garbiñe Iztueta, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria; Koldo Biguri, EHUko irakasle eta EIZIEko kidea; Elizabete Manterola, UPV/EHUko irakasle eta EIZIEko kidea; Kizkitza Galartza, Etxepare Euskal Institutuko Literatura Teknikaria, eta Lide Hernando, Etxepare Euskal Institutuko Komunikazio teknikaria.