NAIZ
BILBO

Euskal Aktoreen Batasunak Besarkada sariak banatu ditu etenaldi baten ostean

Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) Besarkada Sariak berriro banatzeari ekin dio hamar urteko etenaldiari amaiera emanez. 1993an sortuak, 2009an eman zituen azkenak. Ana Perez (Irun, 1959) antzerkigile eta Legaleon T konpainiaren sortzaileetako bat izandakoak jaso du Ohorezko Besarkada.

Euskal Aktoreen Batasunak Besarkada sariak errekuperatu ditu. (EAB)
Euskal Aktoreen Batasunak Besarkada sariak errekuperatu ditu. (EAB)

Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) Besarkada sariak berreskuratu ditu, etenaldi luze baten ondoren. 1993an sortuak, iragan 2009an eman ziren azkenekoz; 2020 honetan itzuli dira, Euskal Herriko aktoreek telebistan, antzerkian eta zineman egindako lanei aitortza egiteko.


Bazkideen botoen bidez erabakitzen diren sariok antzerkiaren diziplinan eta emakumezkoen atalean Aitziber Garmendia (Zaldibia, 1982) saritu dute ‘Erlauntza’ obran egindako interpretazioagatik. Kategoria berean beste hautagaiak ziren Sandra Ferrus (‘La ternura’), Olatz Ganboa (‘¡Ay Carmela!’) eta Ane Pikaza (‘Mami Lebrun’) aktoreak.


Antzerkian gizonezko aktore onena Kepa Errasti (Aretxabaleta, 1981) izan da, ‘Mami Lebrun’ obran egindako lanagatik. Sarirako beste hiru hautagaiak ziren Asier Hormaza (‘Dublindarrak’), Iñaki Rikarte (‘Soka’) eta Eneko Sagardoy (‘Heriotza bikoitza’).

Telebistan emakume aktorerik onena Itziar Ituño (Basauri, 1974) izan da, mundu mailako ospea eman dion ‘La casa de papel’ telesailagatik. Besarkada saria jasotzean laguntza eta babesa eskatu zituen erakundeen aldetik antzerkia eta musikaren sektoreentzat. Oso egoera zailak bizi dituztela gogoratu zuen. Ituñok «lehiakide» zituen Patricia Lopez Arnaiz (‘La peste’), Loreto Mauleon (‘El secreto de Puente Viejo’) eta Susana Soleto (‘Acacias 38’).

Iñigo Aranbarrik ‘Ihesaldia’ telesailean egindako paperagatik irabazi du bere kategorian. Berak ere mezu argia utzi zuen oholtza gainean. Ekoiztetxe eta enpresei eskatuz arriskatu daitezela proiektu ezberdinak eta ausartak hauspotzen. Ezezagunak diren talentuen alde ere egin zuen aldarrikapena, izen berriak deskubritzeak duen garrantziaz jabetuta. Sarirako beste hautagaiak ziren Aitor Borobia (‘Ihesaldia’), Ramon Ibarra (‘El secreto de Puente Viejo’) eta Lander Otaola (‘Amar es para siempre’).

Zinemari dagokionez, Miren Gaztañagak ‘El legado de los huesos’ pelikulagatik eta Zorion Egileorrek ‘El Hoyo’ filmagatik jaso zuten Besarkada sari bana. Finalera ailegatu ziren emakumezkoetan Iñake Irastorza (‘Agur Etxebeste’), Elena Irureta (‘Agur Etxebeste’) eta Patricia Lopez Arnaiz (‘Mientras dure la guerra’); eta gizonezkoetan Ramon Agirre (‘Agur Etxebeste’), Karra Elejalde (‘Mientras dure la guerra’) eta Asier Etxeandia (‘Dolor y gloria’).

Ohorezkoa Besarkada

Bilboko Alondegian banatu ziren sarien ekitaldian ohorezko errekonozimendua jaso zuen Ana Perez (Irun, 1959) antzerkigileak. Bere harremana antzerkiarekin 70eko hamarkadan hasi zen eta ikasketak Bartzelonan abiatu arren, Parisen eta Genevan osatu zituen.

Oscar Gomez, Espe Lopez eta Edurne Rodriguezekin batera Legaleon T konpainaren sortzailea izan zen, 90. hamarkadan Estatuko abangoardiako antzerki taldeen artean puntakoenetakoa izatera iritsi zelarik.

Ondoren antzerkia hezkuntza arlora bideratu zuen eta, «lehen lerrotik ez bada ere, lan handia egindako emakumea da», adierazi du Euskal Aktoreen Batasunak ohar bidez. «Anari egiten diogun aitortza honekin batera bigarren lerro ezkutu horretan diharduten emakume asko ere omendu nahi ditugu», arrazoitu du, saria ematean.

Azken urteotan, baita gaur egun ere, Donostiako Antzerki Tailerraren koordinatzailea da eta Ezezagunok gazte ezgaituen taldea ere zuzentzen du.