Irati Urrestarazu artistaren ‘Albo batera utziz’ erakusketa inauguratu du Bilbaoartek

Irati Urrestarazu (Altsasu, 1989) sortzaileak Bilbaoarten erakutsiko du bere azken obra, ‘Albo batera utziz’. Azaroaren 20ra arte ikusgai egongo den erakusketan horia da kolore nagusia eta erretxina tolestean sortzen ziren tentsioak bilatzen zituen sortze prozesuan. Bildumak zentroaren aurtengo banakako erakusketen egutegia ixten du.

NAIZ|BILBO|2020/10/16
Irati_urrestarazu
Altsasuarrak horia kolore nagusi gisa erabili du bere obra berrian. (Bilbaoarte)

BilbaoArte Fundazioak Irati Urestarrazu artista altsasuarraren ‘Albo batera utziz’ erakusketaren ateak irekiko ditu ostiral honetan. Horia kolorea nagusi den eskulturaren eta instalazioaren erakusketak zentroaren aurtengo banakako erakusketen egutegia ixten du. Zentroan 2019an bekaduna izan zen sortzailea eta beste zazpi artistarekin batera aukeratu zuten Urazurrutia Aretoan bakarka erakusteko. ‘Albo batera utziz’ astelehenetik ostiralera izango da ikusgai, arratsaldetan, azaroaren 20ra arte.

‘Albo batera utziz’ lanak azken hilabeteetan erakusketa honetarako landu den moduari egiten dio erreferentzia. Artistak azaldu duenez, «erretxina tolestean tentsio horiek bilatzen nituen, non, dirudienez, hautsi egingo den, baina erabat behartu gabe»; puntu horretan, alde batera uzten zituen, beren forma modu naturalean har zezaten. Urrestarazuk bere buruari eusteko gai diren eskulturak egiteko euskarriak eta egiturak baztertu ditu horrela: «Nik nahi nuenaren eta piezek nahi zutenaren arteko artikulazioa».

Erakusketa honetan, altsasuarrak testurak eta gardenkiak azpimarratzen ditu. Oihal hori handi batek bitan banatzen du gela, baita piezen artean iradokitzen diren harreman sentigarri eta materikoak ere. Oihala, aretoa moztu eta alde bakoitzeko piezen ikuspegia baldintzatzen duen ardatz gisa, erretxina gardenezko piezak eusten ditu. Pieza eskultorikoen multzoak, nagusiki poliesterrezko erretxinekin eta akrilikoekin landuak, hormetan edo zoru mailan bermatuta daude.

Kolore nagusi bakarra erabiltzea da Irati Urrestarazuren lanaren ohiko ezaugarrietako bat, sortzeko gai den tentsio eta konexioengatik. Tonu argiak eta hori distiratsu bat dira protagonista pieza gisa eratzen den erakusketa sotil honetan.

‘Albo batera utziz’ erakusketa eta harekin batera doan katalogoa gauzatzean, Javier Arbizu (muntaketan eta katalogoan) eta Oihane Iraguen (testuan) estudio kideen papera nabarmentzen du artistak. Sotiltasuna da egileak gehien nabarmentzen duen ezaugarria instalazioa bisitatzerakoan eta katalogoa irakurtzeko orduan; izan ere, funtsezko tresna da obraz gozatzeko, honetan erakusketa nola ikusten duen irakurlearekin partekatzen saiatzen bait da Urrestarazu.

Egilearen ibilbideaz

Irati Urrestarazu Okela Sormen Lantegiaren sortzailea da eta erakusketen komisarioa izan da 2014tik gaur arte. 2013tik hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu du eta banakako bat egin du Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuan (2019). Bizkaiko Aldundiaren Ekoizpen Beka (2017-2018), Lakuako Sormen modalitateko diru-laguntza (2019) eta Nafarroako Gobernuaren ekoizpenerako diru-laguntza (2020) jaso ditu, halaber. BilbaoArte egoitza egin zuen iaz eta Nafarroako ‘Encuentros’ Artista Gazteen lehen saria jaso zuen.