Garaipenik gabe, baina 11 urteko lehorteari amaiera eman dio Iker Larrazabalek Bilbon

Iñigo Naldaren atzetik, Arabak badu pilotari profesional berri bat. Amurrioarrak eta Imazek ezin izan diete Olaizola II.a-Uriondori irabazi eta 22-19 galdu dute.

Jon Ormazabal|2020/10/18
Larrazabal
Iker Larrazabalek eskuin berezia duela erakutsi du. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Lehorte luze xamarrari amaiera jarri dio gaur Iker Larrazabalek Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Iñigo Naldak 2009. urtean Asegarce utzi zuenetik, pilotari profesionalik ez da egon eta enpresa handietan. Giroa eta baldintzak ez dira onenak izan, baina Amurriotik Bilbora gerturatu direnen babesarekin, berehala ahaztuko ez duen eguna bizi izan du 18 urte baino ez dituen aurrelariak. Hori bai, Ander Imazek lagunduta, ezin izan du debuta borobildu eta 22-18 galdu dute Aimar Olaizola eta Uriondoren aurk, bide batez, Gizaburuagakoak bere lehen garaipena eskuratu du profesionaletan jokatutako bigarren partidan.

Gorabehera handiak

Gorabehera handiak izan dituen partida izan da, azken unean, Binakako finala ordezkatzeko antolatu behar izan duten jaialdiko –Baikok jokatzeko prest dituen bere pilotari guztiekin osatua–estelarrekoa. Urduritasunak lotuta eta Imazek ere nahi eta behar baino gutxiago lagunduta, Larrazabalen partida hasiera ez da batere ona izan. Aimar ez zegoen barkatzeko eta 1-7 aurrertu dira gorriak, hein handi batean Uriondok Imazi bizkarra erakusten aritu zaiolako. 10-3 ere aurreratu dira nafara eta bizkaitarra, baina hauek ere huts gehitxo pilatu dituzte eta pixkanaka urdinak partidan sartzen joan dira.

Hortxe etorri dira Larrazabalen, eta Imazen, unerik onenak, partida berdintzearekin nahiko ez (10-10) eta abantaila politak ere lortuz (11-14 eta 12-16). Hortxe erakutsi ditu amurrioarrak profesional izatera eraman duten dohainak, eskuinarekin kolpe berezia dauka eta boleaz ere oso ondo jotzen dio pilotari. Errematean ere ez da batere kamutsa eta Aimar Olaizolari beldur handirik gabe jokatu dionean min egin dio goizuetarrari.

Hori bai, 18 urte baino ez ditu, afizionatuen goi mailan ere apenas jokatu gabea da eta ikasteko asko geratzen zaiola ere ikusi da partida amaieran, ia irabazita zuten lehiari (15-19 irabazten joan dira) ihes egiten utzita, zenbait akats eta erabaki txar tarteko. Ondo aritzeko dohainak dituen pilotaria izan daiteke Iker Larrazabal, baina horretarako behar dituen paizentzia eta mimoa izango dituen ikusi egin behar, gauzak ez daude eta batere xamurrak.

Buruz burukoaren zain

Horren lekuko, jaialdia osatzeko Baikok Buruz buruko partida bat antolatu behar izan duela Mikel Urrutikoetxea eta Iraitz Zubizarretaren artean, jokatzeko prest zegoen beste pilotaririk ez duelako. Hasieran goierritarrak lanak eman badizkio ere, espero bezala, Zaratamokoak erraz irabazi du 22-13, beretzat datorrenerako entrenamentu kutsua zuen partidan. Printzipioz astearterako zegoen deituta Manomanistaren aurkezpena, baina dena airean dago eta asteartean enpresak eta greban dauden pilotarien ordezkariek izango duten bilerak baldintza lezake hurrengo asteetako programazioa. Gauzak normal, Aimar Olaizolak oso argi dauka bera ez dela buruz buruko txapelketan arituko.

FITXA TEKNIKOA

Olaizola II.a-Uriondo: 22

Larrazabal-Imaz: 19

Pilotakadak: 467. Iraupena: 53,10. Markagailua: 5-0, 5-1, 7-1, 7-2, 9-2, 9-3, 10-3, 10-10, 11-10, 11-14, 12-14, 12-16, 15-16, 15-19, 22-19. Sakeak: 3 Olaizola II.ak eta 1 (falta 1) Larrazabalek. Tantoak: 7 Olaizola II.ak, 1 Uriondok, 8 Larrazabalek eta 1 Imazek. Hutsak: 4 Olaizola II.ak, 6 Uriondok, 7 Larrazabalek eta 4 Imazek. Gorabeherak: 200 lagun inguru Bilboko Bizkaia pilotalekuan, nahiz eta Larrazabalen lagun eta gertukoek giro polita jarri duten harmailetan.