Amaia EREÑAGA
BILBO

Pianoa lagun, Mikel Urdangarinek kontzertu ederra eman du Bilboko Loraldia jaialdian

Duela hiru aste agortu ziren sarrerak, ikusmin handia sortu duelako Mikel Urdangarinen etapa berriak. Pianoaren aurrean, bakarrik, atera da igande gauean Euskalduna Jauregiko oholtzara Loraldia jaialdiaren baitan. Hiru hamarkada luzeko ibilbideari errepasoa egiteaz gain, bere hurrengo lanaren aurrerapena egin du.

Mikel Urdangarin, pianoaren aurrean. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Mikel Urdangarin, pianoaren aurrean. (Aritz LOIOLA / FOKU)

300 bat lagun (aforoa beteta) elkartu dira igande gauean Bilboko Euskalduna jauregian, Loraldia jaialdiaren barne, Mikel Urdangarin musiko zornotzarraren ziklo berri baten hastapenaren lekuko izateko. Bakarrik, piano lagun, aritu da oholtza gainean. Bukaeran, txaloka eta zutik agurtu dute ikusleek.

Orain hiru urte hasitako arriskuz betetako egitasmoa gauzatzeko aukera izan du kantariak. Halere, eta bertan aipatu duenaren arabera, baliteke berriro ez egitea pianorekin beste kontzerturik.

Kontzertuan, bere ibilbideari errepasoa eman dio pianorako egokitutako bertsioekin. Esaterako, ‘Espilue’ (2000) diskoko ‘Zapata gorriak’ eta ‘Hutsik daude kaleak’ kantatu ditu; ez dira falta ere bere lehen lanetako kantak (‘Lekanda pean’, 2006; edo 2013ko ‘Jainko txiki eta jostalari hura’ ikonikoko ‘Herri zaharra’). ‘MMXV’ (2015) diskotik ‘Notak’ kantatu du eta, beste batzuen artean, ‘Bihotz hilezkoerra’ (‘Margolaria’, 2017) ere entzun ahal izan da.

Aurki kaleratuko duen disko berritik, eguerdian egin duen solasaldi digitalean aurreratu duen kanta bakarra errepikatu du gauean; ‘Enaz beldur’. Ederra, tristea da, barnea mugiarazten dizu kanta honek. Azaroaren lehen astean edo kaleratuko den ‘Izurdeen lekua’ izeneko diskoan agertuko da.

Eguerdian, solasaldi digitala

«Ni oso analogikoa naiz», bota du eguerdian, badaezpada. Baina bizitzaren kontraesanengatik edo, Bilboko Loraldia jaialdiaren aurtengo edizioaren barnean egin den hirugarren eta azken solasaldi digitalaren protagonista izan da igande eguerdian Mikel Urdangarin.

Covid-19aren itzal luzeak Loraldia astindu duen bezala –udaberriko hitzordua da, berez, baina udazkeneko bertsioan suspertu da–, Zornotzakoari ere «zauri» batzuk utzi dizkio. Zauriak miazkatu ondoren ‘Izurdeen lekua’ gauzatu du, bukatu berri duen lana, aurki kaleratuko dena.

Ilazki Serranorekin solasean, eta pianoaren aurrean eserita, Zornotzako musikariak hiru hamarkada luzeko ibilbidearen zantzuak eman ditu, hitzak eta hitzordu honetarako aukeratu zituen bost kantuen bitartez. Solasaldiaren izenburuari jarraituz, hura «gure bizitzako soinu bandari errepasoa» izan zitekeen, baina, batez ere, ziklo berri baten isla zirudien. Doluaren ostean zabaldutako bide sendagarria, agian.

«Betor haizea birikietara/ odolez puztu bihotzak / gordeko dira kutxa zaharrean / azken neguaren hotzak». ‘Espilue’ (2000) diskoko ‘Hutsik daude kaleak’ kantako bertso horiek bezala sentitu omen zen gaixotu zenean; haize falta itzelarekin, gasolinaren depositua hutsik.

«Martxoan Arriagan [Loraldiaren baitan, 900 ikusleentzat prestatuko hitzorduan] lotutako kontzertua bertan behera gelditzeak asko afektatu ninduen. Gero gaitza pasa nuen konfinamenduan, eta sortzeko behar dugun gasolina hori hustu egin zen. Baina buelta eman nion», aitortu du.

Maiatzean, konfinamenduaren bukaeran, izurdeak kostaldera itzuli ziren. «Ondarroar baten mezua jaso nuen, izurdeak iritsi zirela esanez, sekula ikusi ez balitu bezala. Eta izurdeari bost axola nola gabiltzan gu. Izurdeak beraien senak bultzatuta etorri ziren gurera, eta gero itzuli ziren itsasora. Eta guk gure senari jarraituta, jarraitzen dugu kantuak eta diskoak egiten. Senari segitzearen kontuak eta kontatuko ez ditudan beste batzuk gehiago daude diskoan», esan du.

Izurdeak, ama, dolua

Kantaria da Mikel Urdangarin. Berak horrela definitzen du bere burua. Gitarran kantak sortzen zituen kantaria... pianoa bidean gurutzatu zitzaion arte.

«Pianora gerturatu naiz kantariaren begirunez. Maitemindu naiz pianoarekin, baina agian norabide bakarreko maitasuna izan daiteke. Egia esan, harritzen nau nola ez diodan kasu egin lehenago pianoari, bizitza aldatu didalako. Aldatu nau barrutik, aberastu egin dit bizitza, baina ez emango ditudan kontzertuengatik, baizik eta eman dizkidan arratsalde, gau eta uneetako konpainiagatik».

Bitxia da oso, Arriagako kontzertua hiru urte lehenago lotu zuelako... eta orduan ez zuen pianoa menderatzen. Hiru urte intentso hauetan lan asko egin du, eta galera asko jasan ere bai.

Horien artean, amarena. Igandean lehenengoz kantatu zuen jendaurrean amari eskainitako kantua, ‘Enaiz beldur’ izenekoa. Ederra, tristea, barnea mugiarazten dizuna: «Fuerte kantatuko dautsut, zuk ondo entzun daizun», dio goxo, eta «belarrira kantaukotzut, zuk bakarrik entzun daizun».

Gauean, eta behingoz ikusleen aurrean, Euskalduna jauregiko oholtzan orain hiru urte amestutako bideari ekin dio Urdangarinek.