Ane URKIRI
Donostia

Puntu banaketa Bera Bera eta Malagak eskaini duten neurketa parekatuan (21-21)

Bera Bera eta Malagak 21-21 berdindu dute ligako neurketa erakargarrienean. Garaikurraren borrokan egongo diren bi talde izango direla erakutsi dute 300 lagun inguruk koloreztatutako Gasca kiroldegian. Lehia estua bezain erakargarria eskainita, azkenean bakoitza puntu banarekin konformatu behar izan da.

Manuela Pizzok hiru gol egin ditu 7 metroetako jaurtiketetan; irudian, Guardesen aurkako neurketan. (Gorka RUBIO / FOKU)
Manuela Pizzok hiru gol egin ditu 7 metroetako jaurtiketetan; irudian, Guardesen aurkako neurketan. (Gorka RUBIO / FOKU)

Hasiera apalarekin eman dio hasiera Bera Berak Malagaren aurkako norgehiagokari. Kanpoko taldea eraginkorrago aritu bada ere, bigarren zatian Bera Berako defentsak emandako hobekuntzak merezitako puntu banaketa egon da Ligako laugarren jardunaldian.

Gol gutxiko minutuak izan dira haserakoak eta kostata baina markagailuan nagusitzea lortu du berandu baino lehenago. 13. minutuan 5-3ko gola sartu du etxeko taldeak baina garaipeneko bidearen hasiera izan behar lukeena berehala itzali da Malagak hutsartea eskatu duenean.

1-7ko partzialarekin kanpokoek beraien gaitasuna erakutsi dute, Merche Castellanosen geldiketek lagundututa. Ciudad Realeko atezaina eta Silvia Arderius omenduak izan dira neurketa hasieran, Bera Beran eman dituzten urteen eskertzan. Gasca Malagaren elastikoarekin zapaldu duten unean bertan amaitu dira elkarren arteko eskertzak, espero legez. Bera Berako bi jokalari ohiak erabakiorrak bilakatu dira Donostiatik puntu bat erdisesteko.

Lehen zatiaren hatsean markagailuan zerbait apaintzea lortu dute donostiarrek, jada lehia estua zirudien norgehiagoka are parekatuago izan zedin bigarren zatian.

Aldageletatik itzuli eta hiru minutuan 12 goleko berdinketa egin du Bera Berak, Fernandes, Arrojeria eta Gilen golei esker eta ordutik kasik ezinezkoa izanda berdinketa apurtzea. Baten gola, bestearen gol bilakatzen zen aurkako atean eta baten berdinketa bestearen geldituan.

Defentsan hobekuntza eta Arruda fin

Arrudak gehiago asmatu du bigarren zatian eta bere taldeak zinez eskertu du brasildarraren argitasuna. Gil ezker hegalera itzultzea ere erasorako alternatiba eraginkorra bilakatu da (6 gol egin ditu une erabakigarrietan), nahiz eta lehen zatian Mirene Moreno ere ondo aritu den (hiru gol egin ditu).

Paula Garciak hamaseinako berdinketa puskatu baina Ainhoa Etxeberriak, pibote lanetan hau ere, erantzun aparta eman dio neurketako bere lehen gola erdietsiz. Malagako piboteak ezin izan du Renata gainditu lehia amaitzeko 12 minuturen faltan eta Arrojeriari ere falta adierazi diote erasoan. 

Gascako harmailak haserrarazi dituzte epaileen zenbait erabakik eta giroa ederki berotu da. Nolabait, koronabirusak eragindako egoera honetan, jokalariek eskertu dute zaleen berotasuna zein haserrea, garaipenarekin bukaeraraino sinesteko.

Arderiusek 7 metroetatik egindako golari Gil berak erantzun dio eta defentsan lapurtutako baloi oro urrezko aukera bilakatu da markagailuan aurrea hartzeko. O'Mullonyk jasotako falta ederki aprobetxatu du Pizzok 7 metroetatik, Doirok ere erantzun du; hala nola Gilek ere.

Azken bost minutuetako tartera gol bateko aldearekin iritsi da Bera Bera eta publikoa bete-betean sartu da norgehiagokan. 350 pertsonen txaloak bultzada garrantzitsu izan dira etxeko taldearentzat. «Goazen Bera Bera, goazen txapeldun» oihuek burrunba egin dute Gascan hiru minutu falta zireneko erasoan.

Castellanosek asmatu egin du Pizzoren 7 metroetako azken jaurtiketan eta Silvia Arderiusek berdinketako gola egin du neurketa bukatzeko 10 segunduren faltan. Azkenean, neurketa lehiakorra aurreikusi den norgehiagokan, espero legez, azken minutura arte lehiatu dira bi taldeak eta ez da garailerik egon, galtzailerik egon ez den moduan.