NAIZ

«Arabak ez ditu hondakinen kudeaketan ezarritako helburuak betetzen», salatu du GZZ-k

Gasteiz Zero Zabor (GZZ) plataformak salatu duenez, Arabak ez ditu betetzen 2020rako hondakinen kudeaketa egokia lortzeko ezarritako helburuak eta ondorioz egungo politikak aldatzeko eskatu die erakundeei. Adibidez, etxeko hondakinen %34 baino ez da gaika biltzen eta berrerabiltze eta birziklatze portzentaia ez da %33tik pasatzen.

Gardelegiko Gasteizko udal zabortegia. (Juanan RUIZ | FOKU)
Gardelegiko Gasteizko udal zabortegia. (Juanan RUIZ | FOKU)

«2020. urtea baliagarria izango da egiaztatzeko egungo hondakinen politikek ez dutela balio lurralderako hondakinen bilketa eta kudeaketa egokia lortzeko», salatu du Gasteiz Zero Zabor plataformak astelehen honetan, Arabako Foru Aldundiak argitaratu duen 2019ko Etxeko Hondakinen Inbentarioa aztertu ondoren.

«Bistakoa dirudi Arabak ez dituela betetzen 2020rako ezarritako helburuak», berretsi du. Gauzak honela, «zergatik ez dagoen aldaketarik, eta zergatik ez diren norberaren helburuak betetzen, gaiaren ardura duten politikarien erantzukizuna bada», galdetu du.

«Gasteiz Zero Zaborretik urteak daramatzagu etxeko hondakinen politikan beharrezko aldaketa bultzatu nahian baina aurrean immobilismoa aurkitzen ari gara, ezintasun profesionalari erantzuten diona», gaitzetsi du. «Edo, are okerrago, estrategia alderdikoi bati dagokiona. Edonola ere, kudeaketa 'desegoki horrek Europako isunen atarian utziko gintuzke, eta, ohi bezala, herritarrek ordainduko lituzkete isunak», ohartarazi du.

«Iragarpen txar horiek bete aurretik, eta Estatuko Hondakinen Lege berriaren edukia oinarritzat hartuta», Gasteiz Zero Zabor (GZZ) plataformak Lakuako Gobernuari, Arabako Foru Aldundiari, kuadrillei eta Gasteizko Udalari dei egin die, «indarrak batzeko eta inertzia hori zuzentzeko, hurrengo belaunaldien etorkizuna hipotekatu ez dadin».

Gaika, %34a baino ez

Etxeko hondakin solidoen kudeaketa baino aztertzen ez duen inbentario horren arabera, 2019an 135.672 tona etxeko hondakin sortu dira Araban, eta horietatik 97.919 tona Gasteizko udalerrikoak dira (% 72).

Diputazioak egindako ikerketaren hainbat ondorio nabarmendu ditu GZZ-k. Esaterako, etxeko hondakinak gaika biltzeko egiturazko ezintasunak hondakinen kudeaketa egokia egitea galerazten du, eta %34 baino ez da gaika biltzen.

Halaber, bilketa-sistemek gainerako zatikian dagoen materia organikoa erreskatatzeko ezintasuna jasotzen du. Materia hori gainerako zatikiko pisu osoaren % 47ra iristen da. Gainera, horiek kalitate handiko konpost berrerabilgarri bihurtzeko instalazio eza gogoratzen du plataformak.

Azkenik, lortutako berrerabiltze eta birziklatze portzentai txikia (%32-33) kritikatzen du.

Hondakinen politikaren plastikoei eta neurri osagarriei buruzko zuzentarauek, gutxieneko helburu batzuk betetzera behartzen dituzte EBko estatu kide guztiak, gogoratzen du, ekonomia zirkular erreal bat lortze aldera.

«Joan den otsailean, Zaldibarko Verter Recycling-en zabortegian izandako hondamendiak agerian utzi du EAEko egungo ekoizpen-sistemak industria-hondakin ugari sortzen dituela, eta horiei gehitu behar dizkiegu etxeetan sortutako hiri eta etxe hondakin solidoak», azpimarratu du.