NAIZ

EH Bilduk elkarretaratzea deitu du Donostiako metroaren «zentzugabekeria» salatzeko

EH Bilduk elkarretaratzea deitu du larubaterako ETSk Amarako geltokian duen bulegoaren aurrean «Zentzugabekeriak goia jo du; metroaren gastua lehentasun sozialetarako» lelopean.

Zubieta kalean Metroaren lanak. Tunelaren zati bat hondoratu zen bertan ekainean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Zubieta kalean Metroaren lanak. Tunelaren zati bat hondoratu zen bertan ekainean. (Gorka RUBIO/FOKU)

EH Bilduk elkarretaratze bat deitu du larunbat honetarako Donostiako metroaren «zentzugabekeria» salatzeko. Elkarretaratzea 12.00etan izango, ETSk Amarako geltokian duen bulegoaren aurrean.

Ohar batean EH Bilduk azaldu duenez, «metro-pasantearen lanak gero eta okerrago doaz, eta proiektu honekin hasi aurretik diru publikoaren xahutze hutsa zela agerikoa bazen ere, pandemia garaian, une zail hauetan, esan behar da obra faraoniko honek are zentzu gutxiago duela».

Lanak lehiaketa publikora atera beharko direla kritikatu du, «%100eko gainkostuarekin». «Hala ere, herritarrei proiektuaren akatsen eta gainkostuen berri gardentasunez eman beharrean, ETSk hilabeteak daramatza benetan gertatu dena ezkutatzen», gaineratu du.

«Normaltasunaren irudi faltsua ematen saiatzen ari dira, gertatzen ari dena oso larria denean. Baina gaur gaurkoz, ezin da iritzi publikoaren aurrean mantendu Kontxa inguruan ura eta harea agertzea ezusteko bat izan dela», azpimarratu du.

Talde subiranistaren ustez, Eneko Goiak, Donostiako alkateak, «bat egin du estrategia horrekin. Nahiz eta hilabeteak daramatzan ziurtatzen, bai Udalean bai prentsaren aurrean, obrek normaltasunez jarraitzen zutela, atzo egindako agerraldian esan zuen ez duela gertatutakoaz hitz egin nahi, hori Eusko Jaurlaritzaren eskumena baita».

«Orain, egitasmoa kolapsatu dela jakin denean, ez du aurpegia eman nahi, eta ez die donostiarrei egia esan nahi», adierazi du eta beste egitasmo batzuk lehentasun handiagoa dutela ohartarazi du, «hala nola Altza-Galtzaraborda zatiarena, Euskotrenen bikoizketa Zarautz-Irun zati osoan, Pasaian lurperatzea, Renfe-Euskotren interkanbiadorea Loiolan, etab».

Horrez gain, ETS Amarako geltokiaren eremua urbanistikoki planifikatzen ere hasi dela kritikatu du EH Bilduk: «Propagandako liburuxka bat etxez etxe banatu zuen, gaur egun bere webgunean dagoena, Easoko geltokia okupatzen duen eremuan ‘500 etxebizitza baino gehiago’ eraikiko direla iragarriz».