NAIZ

Nafarroan 90.324 lagunek jarri dute gripearen aurkako txertoa, iaz baino %59 gehiagok

Santos Indurain Osasun kontseilariak ostegun honetan adierazi duenez, gripearen aurkako txertoa jartzeko kanpainaren bigarren astean 90.324 nafarrek jarri dute txertoa, aurreko urtean baino %59 gehiagok. Nafarroako Gobernuak kanpaina «eredugarria» izan dela nabarmendu du.

90.324 nafarrek jarri dute gripearen aurkako txertoa. (Gorka RUBIO/FOKU)
90.324 nafarrek jarri dute gripearen aurkako txertoa. (Gorka RUBIO/FOKU)

Covid-19aren ondorioz sortu den egoera epidemiologiko eta sanitarioari buruz Nafarroako Parlamentuan egindako osoko bilkuran eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak proposatutako neurrien eraginkortasunari buruz egindako galdera bati erantzunez, Santos Indurain Osasun sailburuak azaldu du dagoeneko 90.324 nafarrek gripearen aurkako txertoa jarri dutela.

Indurainen hitzetan, negu zaila dator eta koronabirusak sortutako egoera «oso kezkagarria» da; hala ere, «gripearen aurkako txertaketa kanpaina eredugarria» martxan jarri zutela gogoratu du, eta bigarren astean 90.324 pertsonari jarri dietela txertoa, iaz baino %59 gehiago, hain zuzen ere.

Gripearen aurkako txertoa hartzeko kanpainaren lehen hiru asteetan izaten da lan gehien, eta, beste urte batez, eta oraingoan arrazoi gehiagorekin covid-19aren pandemia dela-eta, Osasun Departamentuak txertoa hartzera eta gripearen aurka babestera animatu nahi ditu batez ere 60 urtetik gorako pertsonak, haurdunaldiko edozein unetan dauden emakumeak, osasun langileak eta langile soziosanitarioak eta osasun arazo kronikoak dituzten pertsonak, besteak beste.

Halaber, Nafarroako Gobernuak txertoa hartzea gomendatu die gaixotasuna arrisku handiko pertsonei transmititu diezaieketenei, hau da, edozein hezkuntza-mailako irakasleei, segurtasun indarretako kideei, suhiltzaileei, Babes Zibileko zerbitzukoei, osasun larrialdietako langileei, espetxeetako langileei eta ebazpen judizial bidezko barneratze zentroetako langileei.