Naiz

Babesa eskaini eta pandemia geratzeko «neurri zorrotzak» eskatu dizkio Iriartek Urkulluri

EH Bilduko bozeramaile den Maddalen Iriartek, osasun neurri murriztaileekin batera, sektore kaltetuenak babesteko laguntzak ere bideratzea «ezinbestekoa» dela azpimarratu du, «murrizketen ondorio sozial eta ekonomikoak arintzeko». Honela, «neurri zorrotzak» eskatu dizkio Iñigo Urkullu lehendakariari, babesa adieratearekin batera.

Iriarte eta Urkullu, gaur, Gasteizko Legebiltzarrean. (@MaddalenIriarte)
Iriarte eta Urkullu, gaur, Gasteizko Legebiltzarrean. (@MaddalenIriarte)

Koronabirusak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen eragina «gero eta handiagoa» dela eta osasun egoera «deskontrolatzeko arriskua egon badagoela» iritzita, EH Bilduk Gasteizko Parlamentuan duen bozeramaileak, Maddalen Iriartek, Iñigio Urkullu lehendakariari «neurri zorrotzak» eskatu dizkio.

Gaur arratsaldeko bileran LABIk «neurri murriztaile zorrotzak» har ditzala defendatu du Iriartek, birusaren hedapena geratzeko «behar-beharrezkoak» nabarmenduz. Iriarteren iritziz, «larrialdi egoerak hala jokatzea eskatzen du».

EH Bilduko bozeramaileak berretsi du, halaber, neurri murriztaileekin batera «ezinbestekoa» dela neurri horiek gehien kaltetutako sektoreak «babesteko» laguntzak ere bideratzea, «murrizketen ondorio sozial eta ekonomikoak arintzeko».

Azkenik, EH Bilduk «erantzukidetasunez jokatzeko prestasun osoa» duela adierazi dio Iriartek Urkulluri eta, beraz, Lakuak norabide horretan aritzea erabakiz gero, koalizioaren «babes osoa» izango duela ziurtatu dio.

Zentzu berean, atzo, EH Bildu alkateek haien «kezka» agertu zuten, «birusaren hedapenari eta horren ondorio sanitario, sozial eta ekonomikoei aurre egiteko baliabide nahikorik ez dagoelako». Era berean, osasun baliabideak «modu partekatuan» erabiltzeko eskatu zioten Lakuako Gobernuari.