NAIZ
BANGKOK

Protestak direla-eta ezarritako larrialdi egoera kendu du Thailandiako Gobernuak

Erreforma demokratikoak eskatzen dituzten manifestazioak saihesteko helburuarekin ezarritako larrialdi egoera «latza» kendu egin du Thailandiako Gobernuak. Zortzi egunez protestak egin ostean, hiru eguneko menia iragarri zuen ikasleek gidatutako mugimenduak eta biharamunean iritsi da Exekutiboaren erabakia.

Ikasle gazteek gidatzen dute Thailandian erreforma demokratikoak eskatzen dituen mugimendua. (Mladen ANTONOV/AFP)
Ikasle gazteek gidatzen dute Thailandian erreforma demokratikoak eskatzen dituen mugimendua. (Mladen ANTONOV/AFP)

Urriaren 15ean ezarritako larrialdi egoera, besteak beste bost pertsona edo gehiagoren bilera politikoak debekatzen zituena, ostegun honetan baliogabetu dute, Thailandiako Estatuko aldizkari ofizialak argitaratu duenez.

Asteazken gauean Prayut Chan-ocha lehen ministroak, ezohiko mintzaira bateratzailea erabiliz, aurreratu zuen dekretua baliogabetzeko aukera aztertzen ari zela, istilu bortitzik ez izateko baldintzarekin.

«Une honetan, larrialdi egoera latza ezartzeko dekretua eragin zuten gertakari larriak gutxitu egin dira, eta, beraz, agintariek lege arruntak ezar ditzakete», dio dekretu berriak.

Exekutiboaren neurri hau astebete baino gehiagoko etengabeko protesta baketsuen ondoren eta ikasle gazteek gidatzen duten mugimenduak lehen ministroari dimisioa aurkezteko aukera emateko hiru eguneko menia iragarri ostean iritsi da.

Asteazkenean, milaka manifestari Gobernuaren egoitza ingurura gerturatu ziren, modu baketsuan, eta agintarien esku utzi zuten karguari uko egiteko gutun bat, lehen ministroaren sinadura baino falta ez zitzaiona.

2014an estatu-kolpea gidatu zuen eta 2019an hauteskunde polemiko batzuen bidez boterea mantendu zuen Prayut jeneralaren disimioaz gain, uztailetik protesta masiboak antolatzen ari diren manifestariek Konstituzio berri bat ere eskatzen dute, indarrean dagoena desagertutako junta militarrak (2014-2019) idatzi baitzuen. Armadaren eragina murriztea da beste aldarri bat.

Baina eskaririk ausartena, eta polemika gehien piztu duena, monarkiaren erreforma da, duela oso gutxi arte gai tabua izan baita, ez bakarrik erakundearekiko izan den errespetu handiagatik, baita koroa kritikatzen dutenentzat 15 urtera arteko espetxe zigorrak aurreikusten duen lege gogorragatik ere.