Naiz

Behi okelaren prezio jaitsierak «alarma guztiak» piztu ditu sektorean

EHNE Nafarroak adierazi duenez, behi okela ekoizten duten abeltzainen egoera «jasanezina» da, merkataritza libreko akordioak eta osasun krisiak ekarri duten prezio jaitsiera eta gero. «Elikadura Katearen Legea garatu, zaindu eta aplikatzea», aldarrikatu dute.

Behi okela lantzen duten abeltzainen egoera salatu du EHNEk. (EHNE)
Behi okela lantzen duten abeltzainen egoera salatu du EHNEk. (EHNE)

Behi okelaren prezioak behera egin eta sektorean «alarma guztiak piztu» direla adierazi du EHNE Nafarroak ohar baten bidez. «Lehendik ere errentagarritasun marjina eskaxekin» ari zirela helarazi dio sindikatuak Landa Garapeneko Departamentuari.

Merkataritza libreko akordioak «prezio eta kalitate mota guztietako haragia» inportatzea ekarri duela azpimarratu dute. «Gure okela merkatu horretan lehiatzen da eta gure marka publikoek ez dute nahi bezala funtzionatzen», hausnartu dute. Testuinguru horrek guztiak, osasun pandemiak areagotu duen krisi ekonomikoarekin batera, prezioak jaistea eragin du.

«Elikadura Katearen Legea garatu, zaindu eta aplikatzea, ezinbestekotzat jotzen dugu, kasu batzuetan ekoizleek kostu prezioaren azpitik saldu behar izaten baitute, aipatutako lege horrek zehazki debekatzen duenaren kontra», azpimarratu dute. Izan ere, kontsumitzaileentzako prezioak ez du aldaketa handirik jasan.

Sindikatuaren iritziz, «bestebehin ere», egoera hau «abeltzainek pairatzen dute» eta «elikadura kateko gainerako agenteek, neurri handi batean marjinak mantentzen dituzte».

Gaur egun, sektorean bizi den egoera «oso gordina» dela nabarmendu du EHNEk. «Ustiategi batzuk ia ez dira gai hazienda mantentzearen ondoriozko ekoizpen kostuak estaltzeko, eta egoera hori jasanezina da bertatik bizi diren mila inguru familia nafarrentzat». Horren aurrean, «bidezko prezioak» defendatzen dituzte «Nafarroako ekonomiarako eta landa eremuen iraunkortasunerako funtsezko eragile direla» iritzita.

Bestetik, prezioen jaitsiera horrek sektorean eragiten dituen ondorioak arindu asmoz, iragan asteartean, nafar Gobernuak onartu eta publiko egin duen behi ama bakoitzeko 30 euroko laguntza, «positibotzat eta beharrezkotzat» jotzen du. «Nolanahi ere, uste dugu horrelako laguntzak ez liratekeela beharrezkoak izango administrazio eskudunek, nafarrak barne, haragi mota horren merkatuaren funtzionamendu normala zainduko balute, aipatutako Elikadura Katearen Legea zorrotz aplikatuko balitz».