Naiz

EAEko herritarren %30ak covid-19aren aurkako txertoa «berehala» jarriko luke; %20ak ez du jarri nahi

‘Euskadiko herritarrak Covid 19 pandemiaren aurrean’ txostena argitaratu du Lakuak. Osasun eta ekonomia larrialdi egoera honetan herritarrek covid-19aren hedapenaren inguruan dituzten iritzi eta jarrerak aztertzeko. Osasuna da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bizilagunen ardura nagusia, egoera ekonomikoaren edo lanaren aurretik. Txertoa, iristekotan, %20ak ez luke jarriko eta %47ak, beste jende askori jarri ostean. %30ak berehala.

Lakuak pandemiaren inguruko inkesta egin du. (Iñigo URIZ/FOKU)
Lakuak pandemiaren inguruko inkesta egin du. (Iñigo URIZ/FOKU)

Urriaren 13tik 17ra bitartean, Lakuak ‘Euskadiko herritarrak Covid 19 pandemiaren aurrean’ txostena osatzeko galdeketa egin zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bizilagunen artean. Bertatik ondorioztatu daiteke herritarrek «kezka handia» dutela koronabirusaren hedapenagatik. %33ak «oso kezkatuta» dagoela dio eta «%54ak, nahiko kezkatuta». Izan ere, osasuna da kezka nagusi %56arentzat, %25arentzat ekonomia den bitartean. Gainontzekoek maila berean jarri dituzte biak.

Zentzu horretan, gutxiago dira eurak gaixotzeagatik «oso edo nahikoa kezkatuta» daudenak (%76) bere inguru hurbileko norbait gaixotzeak kezkatzen dituenak baino (%94).

Hala ere, ondorio ekonomikoei dagokienez, %46ak dio «oso kezkatuta» dagoela krisiak bere familiaren egoera ekonomikoan izan ditzakeen ondorioengatik eta beste %38a «nahiko kezkatuta» agertu da. Kezka, baina, handiagoa da osasun krisiak EAEko ekonomian izan dezakeen eraginaz galdetzen zaienean. %56a «oso kezkatuta» dago eta %40 «dezente».

Hezkuntzaren egoera hauen azpitik agertuko litzateke. %46a «asko» kezkatzen du pandemiak seme-alaben eskolatzean izan ditzakeen ondorioak eta %37 «nahikoa». Buruko osasunean edo osasun emozionalean izan ditzakeen eraginek, berriz, %33 eta %34 eta etxeko familia kontziliaziorako ekar ditzakeenek %27 eta %26, hurrenez hurren.

Beste datu esanguratsu bat, covid-19ak beraien osasunean zenbateko larritasuna izango lukela uste duten galdetuta sortu da. Izan ere, soilik %15ak uste du «oso larria» litzatekela eta %28ak «nahikoa larria». %37ak, berriz, «ez oso larria» erantzun du eta %7ak «ez batere larria». Hala ere, gaixotasunak izango lukeen larritasunari buruzko pertzepzioa adinarekin oso lotuta dago; adinean aurrera egin ahala gero eta gehiago dira nahikoa edo oso larria izango litzatekela uste dutenak. 18 eta 29 urte bitarteko gazteen artean %65ek uste dute ez litzatekeela oso larria eta %18k ez litzatekela batere larria izango.

EAEko herritarren %26ak uste du pandemiaren okerrena pasa dela, %17ak oraintxe okerrena pasatzen ari garela. %48ak oraindik okerrena iristear dagoela iritzi dio.

Eta denon ahotan dago txertoa, egoera honi amaiera jartzeko. Hala ere, gehiago dira, txertoa lortzekotan, zerbait itxoingo luketenak. %30ak berehala jarriko luke, %47ak beste jende askori jarri ostean eta %20ak ez luke jarriko. Jarriko ez lukeen jendearen artean, %15ak uste du txertoak, oro har, «kaltegarriak» direla.