NAIZ

36 urte preso bete dituen Georges Ibrahim Abdallah komunistaren aldeko martxa Lannemezanen

Georges Ibrahim Abdallah 68 urteko palestinar herriaren askatasunaren aldeko militante libanoarra preso sartu zuteneko 36. urtea bete da, gaur, urriaren 24an. Hori dela eta, manifestazio bat antolatu dute Lannemezanen. 14.00etan tren geltokitik abiatu eta Abdallah gatibu atxikitzen duten presondegirainoko ibilbidea egin du mobilizazioak.

Lannemezango espetxeraino eraman dute Abdallaren aldeko elkartasuna. (AFA_Pau)
Lannemezango espetxeraino eraman dute Abdallaren aldeko elkartasuna. (AFA_Pau)

Bere 37. urteko kartzelaldian sartuko da gaur, egunetik egun, Georges Ibrahim Abdallah militante komunista eta hura aska dezaten aldarrikatzeko mobilizazioa egin da, gaur arratsaldean, Lannemezanen.

Georges Ibrahim Abdallah komunista 1984ko urriaren 24an atxilotu zuten Lyon hirian, hots 36 urte egin ditu gatibu.

Palestinaren aldeko militanteari bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten 1987an Libanoko frakzio armatu iraultzaileak (FARL) bere gain harturiko ekintza armatu batengatik.

Bizi arteko kartzela zigorra ezarri bazioten ere, frantziar legediaren arabera 1999. urteaz geroztik baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskubidea bazuen presoak.

Izan ere Abdallak espetxetik ateratzeko eginiko eskaera guztiak errefusatuak izan dira.

Hala, joan zen irailaren 26an Parisko Dei Auzitegiak preso libanoarraren bederatzigarren baldintzapeko askatasun eskaera izan zuen mahai gainean, baina aitzineko guzietan bezala, epaileek aske uztea errefusatu zuten.

Israeli boikota egitea sustatzen duen Xiberoko BDS taldeak Mauleko tren geltokian jarri du hitzodua gaur goizean Euskal Herritik preso arabiarrari elkartasuna eramateko Lannemezanen antolaturiko ekimen horretara bertaratzeko.

Taldeak deitoratu duenez, «frantziar Exekutiboak soilik Ameriketako Estatu Batuetako eta Israelgo bozak entzuten ditu».

«Gogora ekarri behar baita bi herrialde horiek inperialismoaren kontrako eta Palestinaren askatasunaren aldeko militantea aske uztea fermuki errefusatzen dutela», gaineratu du taldeak. Horregatik, Abdallah aske uzteko mobilizatzen jarraitzeko deia luzatu dute.