NAIZ

Batzarra eskatu diote Arriolari, babeseko etxebizitzetan funts putreen sarreraz hitz egiteko

Promozio ezberdinetako lagunek batzarra eskatu diote Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuari, funts putreen kontrolpean dauden babeseko alokairuetaz hitz egiteko. Bermeak eskatzen dizkiote beharrezko babesa mantentzeko eta bizilagunen kaleratzeak ekiditzeko.

Kaltetutako biizilagunek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Donostian, Lakuaren egoitzaren aurrean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Kaltetutako biizilagunek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Donostian, Lakuaren egoitzaren aurrean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Alokairu, Inquilinos Azora eta Kaleratzeak Stop taldeek batzar urgentea eskatu diote Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuari, babes ofizialeko etxebizitzen promozioetan funts putreen sarreraren ondorioez hitz egiteko. Eskaera gaur goizean egin dute Donostian egin duten protesta batean, Azorako eta Benta Berriko, Lasarteko eta Errenteriako promozioetako bizilagunen parte hartzearekin.

Auzokideek babesaren epea amaitzen denean alokairu sozial babestu horiek mantentzea eskatzen dute. Gogoratu dutenez, Irunen, Zumaian eta Tolosan 2021eko uztailean, 2022ko azaroan eta 2026ko urtarrilean bukatutako da epe hori, hurrenez hurren; Lasarten, 2021ko abuztuan, Errenterian, 2022ko apirilean eta Benta Berrin, 2028ko uztailean.

Maizter horietako asko Etxebideren zerrendetatik datozela nabarmendu dute, eta babesaren epea bukatzen denean, funtsek ordaintzen duten alokairua merkatuaren prezioetara igo edo etxebizitzak saldu ditzaketela gogoratu. Horrek bizilagunen artean eragiten duen kezka azpimarratu dute, «ezin dutelako mailegu bat lortu ezta ordaindu ere, eta azkenean bizi diren etxeetatik kaleratuak izan daitezkeelako», azaldu dute.

Adierazi dutenez, Lakuako Gobernuaren ardura da «pertsona horien etorkizuna bermatzea, eta etxebizitza publikoetan espekulazioa eta promotore pribatuen negozioa saihestea».

Bestalde, gogora ekarri dute bost urte baino gehiago igaro direla Etxebizitzaren legea onartu zenetik, eta ez dela neurririk hartu merkatu pribatuan alokairuen prezioak arautzeko, ezta hutsik dauen etxebizitzen inguruan ere.

Alokairu sozialak bermatu

Arriolari babes ofizialetako etxebizitzetan babestutako alokairuak bermatzeko eskatzen diote baita etxegabetzeen prebentziorako protokoloa garatzeko ere. Funts putreek edota jabe handiek eragindako kaleratzerik onartuko ez dutela gaineratzen dute, eta kontratuak zazpi urtez berritu eta KPIri lotutako igoerak exijitzen dituzte, beste eskaera batzuen artean.