Ane URKIRI

Alavesek bere bigarren garaipena erdietsi du kanpoan Valladolid garaituta (0-2)

Alavesek denboraldiko bere bigarren garaipena eskuratu du Valladolid mendean hartuta. Pinak eta Borja Sainz izan dira golegileak. Goiz jarri zaio norgehiago maldan gora etxeko taldeari, Nachoren kanporaketarekin. Perezek, baina, penalti jaurtiketa huts egin du eta bigarren zatian erabaki da partidua. [Neurketaren xehetasunak]

Edgar Mendez, Nacho eta Alcarazen artetik, erdiratu nahian. (LA OTRA FOTO)
Edgar Mendez, Nacho eta Alcarazen artetik, erdiratu nahian. (LA OTRA FOTO)

Minduta zegoen Valladolid are gehiago mindu da 18. minutuan Lucas Perezi penaltia egin diotenetik. Aurrelari galiziarra bakar-bakarrik geratu da Robertoren aurrean, El Yamiq atzelariak huts egin ostean, eta Nachok bultzada txiki batekin oreka galarazi dio jaurtitzera zihoan unean.

Penaltia izan du alde Alavesek ordu laurdena bete eta minutu gutxira eta Valladolideko ezker hegaleko atzelaria kaleratu du Munuera Montero epaileak. Guztia alde jarri zaio Pablo Machinen taldeari baina Lucas Perezek erratu egin du 11 metroetatik, langara izugarrizko zartakoa bidali du eta neurketa berri bat hasi da Jose Zorrilla zelaian.

Neurketa berri bat baina etxeko taldea erabat baldintzatu duen erabakiarekin. Hamar jokalarirekin lehiatu behar izan du Sergio Gonzalezek gidatutako taldeak eta Lucas Perezek −lehen zatiko protagonista nabarmena− sarea zulatzea lortu badu ere, atsedenaldira husna heldu dira Valladolid eta Alaves.

Jotak jokoz kanpoko egoeran zegoela erdiratu du Lucas Perezek atera errematatu duen baloi bakanean eta beraz, gola baliogabetua izan da lehen zatia bukatzeko zortzi minuturen faltan.

Alaves nagusi

Nagusitasuna islatu da berdegunean, logika guztiz, 18. minutuko erabakiak osatu duen gidoiari jarraiki, eta bigarren zatiaren hasieran heldutasunera iritsi da Alaves, pazientziarekin jokatuz. Hala iritsi da Tomas Pinaren gola, zeinak min hartuta dagoen Pere Pons ordezkatu duen haserako hamaikakoan. Pina garrantzitsua izan da Gasteizera heldu zen momentutik eta gaurkoan garrantzi izugarria duen garaipenerako mugarri izan den gola egin du.

Garaipen honek balio handia baitauka. Arerio zuzen bat atzean eta oso minduta usteaz gain, pasa den astean galdutako konfiantza berreskuratzeko balio baitezakelako. Beti ere, kontuan hartuta, 18. minutuan lehia erabat baldintzatu duen jokaldia jazo dela.

Inork ez daki nola lehiatuko lukeen Alavesek 90 minutuak hamaika hamaikaren aurka jokatuz gero -hamar jokalariren aurka defentsan sufritzera ere iritsi baita-, baina nolanahi ere, kasu hipotetikoez idazteak ez dauka zentzu handiegirik.

Sainzek lasaitasunaren gola

Markagailua behin irekita, etxeko taldeak maneiatu du baloiaren jabetza, alde batetik bestera, Alavesek kokapena galdu gabe itxaron dion bitartean. Nolabaiteko arriskua sortu du Valladolidek eta egiari zor, jokaldi horiek defendatzeko moduak ez du lasaitasunik ematen.

Hala, lasaitasunari bide emateko zelairatu dira aulkian beraien momentuaren zain egon diren jokalariak. Bizitasunez, Martin Agirregabiria, Deyverson eta Borja Sainzek, hiru ukitutan, 0-2koa egin dute, norgehiagoka guztiz erabakita uzteko 85. minutuan.

Hurrengo asteburuan Bartzelona jasoko du Mendizorrotzan eta hiru puntu hauek funtsezkoak dira astean zehar neurketa gogor bat animoz prestatzeko.

Protagonistak, pozik

Pablo Machin pozik azaldu da bere taldeak denboraldiko bigarren garaipena eskuratu berritan. Bere ustetan, talde heldua dela erakutsi dute, zailtasunak zailtasun neurketa garaipenaren bidera eramateko.

Hala ere, nabarmendu du ia hiru gol egin behar izan dituztela legezko gol bat egiteko.

Dena dela, egoera kontrolpean izan dutela azpimarratu nahi izan du eta talde orekatua izatea lortu dutela.

Arratsaldeko bi golegileek ere irribarrez ahoan izan dutela hitz egin dute neurketa bukatu eta minutu gutxitara. Tomas Pinaren ustetan «kolpe latzak» izan dira erratutako penaltia eta baliogabetutako gola, «jada ospatuta eta zelai erdian zain geundelako».

Nolanahi ere, «ez dugu landuta geneukan ideia alboratu eta horretan tematuta iritsi da garaipena».

Borja Sainzek, bestalde, taldea ondo ikusi du lehen minututik eta aste guztian eginiko lanaren emaitza izan dela adierazi du.