Maddi Txintxurreta

Astelehen ugari aurretik emakume pentsiodunen aldarriak betetzeko

Pentsiodunen mugimenduan soilik emakumeek osatutako talde baten beharra nabaritu zuten andrazko batzuek, eta hortik sortu zen Oneka. Berriki hirugarren batzar orokorra egin dute Donostian, eta datorren astean Emakume Helduen Foroa egingo dute.

Oneka emakume pentsiodunen elkartea.
Oneka emakume pentsiodunen elkartea.

Orain bi urte sortu zen Oneka emakume pentsiodunen elkartea, pentsio duinen aldeko mugimendua asteleheneroko elkarretaratzeak antolatzen hasi eta hilabete batzuen buruan. Orduan Espainiako presidentea zen Mariano Rajoyk pentsioen %0,25eko igoera iragartzeak erretiratuen haserrea piztu zuen, eta Hego Euskal Herrian aurrekaririk gabeko gizarte mugimendua sortu zen herri zein hirietan. Pentsiodunen mugimenduaren baitan, soilik emakumeek osatutako elkarte bat antolatzea erabaki zuen andrazko talde batek, eta horrela sortu zen Oneka, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako emakume erretiratuek osatzen duten espazioa.

Proiektu honetara sartu zirenek uste zuten emakume pentsiodunek bazituztela arazo gehigarri batzuk astelehenetako manifestazioetan eta elkarretaratzeetan azalera ekartzen ez zirenak, «bakardadea» eta «zailtasun ekonomiko are handiagoa» kasurako. Arazo horiek guztiek «beren sustraiak» dituzte, Nekane Berriotxoa Onekako kideak nabarmendu duenez. «Pentsiodunen mugimenduarekin orokorrean ados gaude, baina bazterrean geratzen diren gauzak daude, gizonek askotan ikusten ez dituztenak. Horregatik planteatu zen Onekak bere bidea egitea», zehaztu du.

Urriaren 13an, hirugarren batzar orokorra egin zuen Onekak Donostian, urtean zehar egindakoei errepasoa eman, aurrera begirako plana adostu eta, horrez gain, estatutuak aldatzeko. Erabaki zuten orain arte bezala batzorde orokorra lau urtean behin aldatuko dela, baina, berritasun bezala, zehaztu zuten soilik batzordeko kideen erdiak berrituko dituztela, aldaketa bakoitzean «haustura handiegirik ez egoteko».

Donostiako batzarra berezia izan zen, otsailaz geroztik ez baitziren aurrez aurre elkartu, covid-19ak eragindako zailtasunak kari. Ildo horretan, Nekane Berriotxoak kontatu du konfinamenduaren ondorioek eta osasun krisiak eragindako kalteek eragin handia izan dutela pentsiodunengan; baina, aldi berean, nabarmendu du gertatutakoak balio izan duela zenbait gai erdigunera ekartzeko. «Aldatu da giroa eta konturatu gara zaintza, bakardadea, arrakala ekonomikoa... hori dena ikusarazi dela. Orain, koronabirusarekin, zaintzaren eta menpekotasunen gaia azaleratu egin da», onartu du.

Egiteke dagoenari so

Horretaz aparte, Onekarentzat lehentasunezko arazo bat da bizitza osoan zehar soldatarik jaso gabe emakume ugarik egin behar izan duten lana, hala etxekoa nola familiaren zaintza. «Gaur egun emakume gutxi dago lan egiten ez duena, badago, baina gutxiago. Lana utzi dutenek, normalean, aukeratu ahal izan dute. Guk ez genuen aukerarik. Ezkondutakoan dotea ematen zizuten eta lana uzten genuen. Eta, horrez gain, etxeko lanak ez dira sekula baloratu. Orduan, emakume pila bat geratu dira soldata propiorik eta pentsio propiorik gabe. Guk eskatzen dugu lan hori aitortu dezaten, eta, 1.080 euroko pentsioa eskatzen dugunean, guztiontzat eskatzen dugu, baita etxeko lanetan aritu direnentzat ere», azaldu du Berriotxoak.

Onekako kideak ohartarazi duenez, emakume pentsiodunen kolektiboan oso egoera zaurgarrian daude batzuk, arrazoi desberdinak medio: «Badaude taldean emakumeak, autonomoak izan direlako edo bizimodu zaila tokatu zaielako, banandu egin direlako, edo, adibidez, agian lan batetik bestera igaro zarelako eta tarte horretan ez dutelako kotizatu, pentsio askozaz baxuagoak jasotzen dituztenak», esplikatu du Berriotxoak.

Lehendik ere zaurgarri ziren emakume horien egoeraz gain, «bakardadea» azpimarratu du beste behin urretxuarrak. Era berean, koronabirusak ekarritako ondorioak ere aipatu ditu. «Zaintza, beste sektoreetan bezala, emakumeen gain erori da. Pentsiodunek ez dugu enplegurik etxetik kanpo, baina seme-alabak eta etxeko lanak tarteko, zaintza emakumeek egin dute. Eta ikusi dugu instituzioetatik ez dela babesik egon, badirudi ikusezinak garela, baztertuta gaude», esan du Onekako kideak.

Atzera begira, badu lortutakoaz pozterik pentsiodunen mugimenduak. 2018an PPren Gobernuak iragarritako %0,25eko pentsioen igoera %1,6ra aldatu zen, erretiratuen eskakizunek 1.080ko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen duten arren. Bestalde, PSOE, Unidas Podemos eta EH Bilduk sinatutako lan erreformaren indargabetzea ospatzen dute, eta bestelako kolektiboekin harremanak estutu dituzte, mugimendu feministarekin adibidez, Onekaren kasuan bereziki. Erdietsi dute, era berean, pentsiodunen eta emakume pentsiodunen aldarriak «erdigunean kokatzea», Berriotxoak gehitu duenez.

Hala ere, nabarmendu dute oraindik asko dagoela egiteko, badituztela nahikoa arrazoi datozen astelehenetan ere kalera ateratzeko. Batetik, pentsiodunen aldarrikapenak betetzeke daudelako, 1.080 euroko pentsioa edo ordaindu gabeko lanen aitortza, kasurako; bestetik, emakumeek pairatzen dituzten aparteko arazoak lehen planora ekartzeko. «Gizonen artean askotan planteamenduak egiten dira kontuan izan gabe hor gaudela. Hau esparru askotan gertatzen da, baina honekin apurtzen saiatu behar dugu».

Onekak lanean jarraituko duela iragarri du azkenik Berriotxoak, eta urriaren 27an Emakume Helduen Lehen Foroa egingo dutela aurreratu du, Tolosan. Datozen hilabeteetarako prestatu duten lehenengo ekimena da, baina gehiago egongo direla azaldu du.