NAIZ
DONOSTIA

Bernardo Atxagaren obrari buruzko mintegia antolatu dute New Yorkeko City University-n

‘Bernardo Atxagaren sormen literarioa: memoria eta idazketa’ izenburupean, Mari Jose Olaziregik, Euskal Filologian doktoreak, eskainiko du mintegia. Astelehen honetan hasita, astebetez idazlea euskal literaturaren testuinguruan ez ezik, maila globalean ere kokatuko du.

Bernardo Atxaga katedra Etxepare Euskal Institutuak sustatua da. (Juanan RUIZ I FOKU)
Bernardo Atxaga katedra Etxepare Euskal Institutuak sustatua da. (Juanan RUIZ I FOKU)

Hamar urte bete ditu aurten Etxepare Euskal Institutuak City University of New York-en (CUNY) sortutako Bernardo Atxaga katedrak. Hori dela eta, katedra idazle asteasuarraren obrari buruzkoa izango da aurten, ‘Bernardo Atxagaren sormen literarioa: memoria eta idazketa’ izenburupean, eta Mari Jose Olaziregik emango du mintegia. Astelehen honetan hasi da.

Olaziregi Euskal Filologian doktorea eta Euskal Literaturako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Ikasketak sailean. Horrela, Olaziregik berak Etxepare Institutuari azaldu dionez, astebeteko mintegia izango da, egunero bi eskola ordu emanda, eta doktoretza egiten ari diren hamar bat ikasle izango ditu, Hizkuntzalaritza, Literatura eta Ikasketa Kulturalen arlokoak. «Interes eta seriotasun handia erakutsi ohi dute CUNYko ikasleek, eta ziur nago aurtengoan ere literaturazale eta atxagazale andana izango dudala ikasgelan», esan du.

Atxagaren obra euskal literaturaren testuinguruan ez ezik, maila globalean ere kokatuko du Olaziregik: «Atxagaren lanak izan duen harrerari begiratuko diogu, hizkuntza gutxiagotu batean idazteak esan nahi duenari, besteak beste».

Halaber, Asteasuko idazlearen ibilbidean poesiak, antzerkiak edo haur eta gazte literaturak izan duten garrantzia ahaztu gabe, ‘Obabakoak’ izango da mintegiaren lehen jomuga. Azaldu duenez, «Obaba geografian barneratuko gara, bertan kokatutako istorioen poetika eta mundu ikuskeran, eta horretaz gain metaliteraturak liburuan duen garrantziaz ere arituko gara».

Jarraian, ‘Soinujolearen semea’ eleberria aztertuko da, 1990eko hamarkadan Atxagak memoria historikoa ardatz zuten eleberrietarantz emandako adibide. «Utopiak bertan duen garrantziaz egingo dugu solas, eleberriak euskal gatazkaren zergatiez ematen dituen arrazoiez», adierazi du.

Ikastaroa osatzeko, Atxagaren azken bi eleberriek autobiografiarantz emandako bira izango dute hizpide eta ‘Nevadako egunak’ eleberria aztertuko dute. Euskal emigrazioaren narrazio bikain bihurtu ziren Robert Laxalten ‘Sweet Promised Land’ bezalako eleberriekin «elkarrizketan» jarriko du Olaziregik Atxagaren eleberria.