NAIZ

Enpleguaren defentsan egun bateko greba egingo dute Tubacexen asteartean

Aldi Baterako Espedientearen negoziazioa akordiorik gabe amaitu ondoren, 24 orduko greba deitu dute Tubacexen Aiaraldeko lantegi honetan lanpostuak defendatzeko helburuarekin, LAB sindikatuak jakitera eman duenez.

Tubacexeko langileek Laudio eta Amurrio artean egin zuten mobilizazioa. (Raúl BOGAJO/FOKU)
Tubacexeko langileek Laudio eta Amurrio artean egin zuten mobilizazioa. (Raúl BOGAJO/FOKU)

Pasa den ostiralean, urriaren 23an. ABEEE berri baten negoziazioa akordiorik gabe itxi zen Tubacexen, LAB sindikatuak jakitera eman duenez. Horrela, «Tubacexek amaitutzat eman du kaleratze eta soldata murrizketen negoziazio prozesua, eta epe laburrean neurri estrukturalak hartzearekin langileak mehatxatzen dituen bitartean, ABEEE berri bat aurkeztu zuen Covidaren aitzakiarekin, %80ko eraginarekin eta hiru hilabetetako iraupenarekin», azaldu du sindikatu honek.

«Beste behin ere argi geratu da negoziazio prozesuan enpresak ez duela inolako borondaterik LAB eta zentroen arteko batzordearen proposamenik negoziatzeko, euren artean, enplegu bermea. Espediente honekin gauza bakarra nahi du Tubacexek, denbora irabazi eta soldatak jaitsi eta langileak kaleratzeko duen planarekin jarraitzea ahalbidetuko dien etorkizunerako prestatu», gaineratu du LABek.

«LABen argi dugu, enpresak pasa den urriaren 15ean iragarritako EEEa aurkeztu ez bazuen planteatutako neurriak negoziatzeari uko egin ondoren, mobilizazioari esker izan dela. Horregatik, Tubacexeko enplegua, eskualdekoa eta gure lan baldintzen defentsan jarraituko dugu kalean», iragarri du LABek.

Horrela bihar, urriaren 27an, langileak berriro ere kalera aterako dira 24 orduko greba egunean. «Aiaraldea gogor kolpatu dute krisi ezberdinek. Bertoko langileak pobretuz jarraitzeak inguruko sektore guztiak arriskuan jartzea ekarriko luke. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu langileekiko eta euren enpleguekiko konpromisoa har dezala», nabarmendu du LABek.