Maddi TXINTXURRETA

Putre funtsen habian jaio da Maizterren Sindikatua

Etxebizitzen alokairuaren arazoari konponbidea eman asmo dio sortu berri den Donostiako Maizterren Sindikatuak. Krisiaren mehatxuei aurrea hartuz, bizilagunak eta etxebizitza eskubidea defendatzeko lanean ari dira, non eta putre funtsen habia den hirian.

Ategorrieta etorbideko 35. zenbakitik 45. zenbakira dauden etxebizitzak Azora putre funtsarenak dira. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Ategorrieta etorbideko 35. zenbakitik 45. zenbakira dauden etxebizitzak Azora putre funtsarenak dira. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Pandemiak ekarritako oztopoengatik, urriaren 2ra atzeratu zuen Donostiako Maizterren Sindikatuak aurkezpen ofiziala, nahiz eta ordura arte lanean jardun duten sindikatu berri honetako kideek. Donostian etxebizitzen alokairuekin dagoen arazoari aurre egin asmo diote, izan ere, Gipuzkoa da Hego Euskal Herrian etxebizitzaren alokairu garestiena kobratzen duen lurraldea: 1.098 euro hilean batez beste.

«Sindikatua sortu zen Donostian alokairuan dauden etxebizitzen arazoari erantzuteko», azaldu du Angela Peinado sindikatuko kideak. Zehaztu du aspalditik datorren arazoa dela alokairuena, baina koronabirusak eragindako ekonomia krisiak egoera okertu duela. Horregatik, konfinamenduak iraun zituen hilabeteetan, sindikatuak laguntza telematikoa eskaini zien arazoak zituzten familiei, eta, Peinadok onartu zuenez, «kasu dezente» iritsi zitzaizkien.

«Koronabirusaren krisiagatik ikusi dugu jada existitzen ziren hainbat arazok okerrera egin dutela: etxegabetzeak errenta ez ordaintzeagatik, kontratuak amaitzea, errenten prezio igoera abusiboak, hala nola bestelako arazo larri eta ohiko batzuk», esplikatu du Donostiako Maizterren Sindikatuko kideak.

Proiektuaren ideia da bizilagunendako espazio bat sortzea, modu kolektiboan funtzionatuko duen aholkularitza bat sortzeko, «gure eskubideen inguruko informazioa eman eta bakoitzak sortzen doazen arazoei aurre egiteko bideak eta tresnak eskaintzeko». Hala, momentuz Donostian topatzen dituzten arazo ohikoenak zeintzuk diren identifikatzen ari dira. «Gehiegikeria» askorekin egin dute topo: denboraldikoak ez diren baina denboraldikoak direla esaten duten alokairuak, kontratuetako klausula baliogabeak, gehiegizko prezio igoerak edo fidantzak ez itzultzea, kasurako.

Kolektiboa sortzeko eredu desberdinak bilatu dituzte Euskal Herritik kanpo, eta horietako bat Kataluniako Sindicat de Llogateres i Llogaters izan zen, hilabeteon etxebizitzen alokairuaren prezioa erregulatzea lortu duena. Neurri hori Estatu espainiar osora zabaltzea galdegiten duen manifestuaren sinatzaileetako bat da Donostiako sindikatua.

Ez dirudi helmuga erraza, Angela Peinadok kritikatu baitu Donostiako Udaleko ordezkariek nahiz Lakuako Gobernukoek ez dituztela «alternatibak» proposatzen, eta oztopoak jartzen dizkietela elkarrizketei.

Sortu berri den erakundea izaki, helburuez, egoeraren diagnosiez eta egin ditzakeen ekintzez hausnartzen ari da Maizterren Sindikatua. Hausnarketarako espazioa Egia auzoko Txoko Internazionalista dute, asteartero 19.00etan asanblada irekiak egiten baitituzte bertan. Batzarrotan, «iristen zaizkigun kasuak aztertzen ditugu, proposatzen dugu zer egin daitekeen eta zer ez. Ez dira soilik arazo indibidualak aztertzen, borrokan dauden etxebizitza-blokeekin ere lanean ari gara», esplikatu du Peinadok.

Putre funtsen negozioa

Borrokan dauden etxebizitza-bloke horietako asko “putre funts” deritzenen esku daude. Dirudienez, negozio biribila topatu dute Donostian. Azora enpresa Grosen, Erdialdean eta Amara Zaharrean sartu zen eta 300 familiatik gora etxegabetze arriskuan daude uneotan, errentaren zenbatekoa ezin ordainduta. Blackstonek Benta Berrin baliatu du Lakuako Gobernuak alokairuen prezioak mugatzeko azken urteetan izan duen pasibotasuna, eta 520 familia etxegabetze arriskuan daude. Egia auzoan ere, gatazka etorriko den beldur dira urte luzez alokairuan daramaten familiak. Inbertsore pribatuak erakartzen saiatzen ari da Sareb bankua.

Putre funtsen esku dauden pisu horietan «kaleratze isilak» gertatzen direla salatu du Peinadok: «Luzaroan esan izan da kaleratzerik gabeko hiria dela Donostia, baina, Saretxe elkartekoek esaten duten bezala, kaleratze isilak daude. Konponketak egin ez etxea hondatu eta maizterrek alde egiteko, kontratuak luzatzeko negoziazioak ukatu, errenten prezioen igoera handiak... horrek guztiak ez du etxegabetze gisa kontatzen, baina gertatzen ari da, blokeak osorik husten ari dira hotelak eraikitzeko. Arazo honi ez zaio behar beste kasu egiten eta behar duen konponbidea ematen».

Higiezinen salerosketon arduradunak seinalatu eta familien defentsa egiteko, auzotarrak antolatuta daude. Benta Berriko babes ofizialeko etxeetako bizilagunek Alokairu taldea sortu zuten 1999an, Lakuak babestutako «iruzurrari aurre egiteko». Iaz Blackstonek euren etxeak erosi zituen eta putre funtsaren kontra ari dira borrokan. Saretxe Groseko Etxebizitza Taldea Azorak erositako blokeetako bizilagunak babesten ari da.

Donostiako Maizterren Sindikatuaren funtzionamendua, baina, ez da auzo elkarteetakoen berdina. «Herritarrak ahalduntzeko tresna bat da, elkar laguntzeko, elkarri entzuteko, harrera egiteko eta ideiak eta irtenbideak proposatzeko espazio komun bat. Orain finkatuago gaudenez, presioa sortzeko eta gatazkan sartzeko gaitasun handiagoa dugu. Sindikatuaren asmoa gatazka egoeretan elkarrekin lan egitea da», azaldu du Angela Peinadok.

Etorriko denaren beldur

Gipuzkoako sindikatuak «jabego bertikala» dauka jomugan, jabe bakarra daukaten eraikuntzak edo etxebizitza blokeak, normalean pertsona juridiko baten esku izaten direnak. «Bloke horiek identifikatu ditugu, eta horietako asko jada putre funtsen esku daude; funtsok maizterrei kontratuak amaituko zaizkiela ohartarazten ari dira», azaldu du Peinadok. Analisi horri esker ezagutu dute Egiako etxebizitza bloke bateko bizilagunen arriskua, Sareb «banku txarrarekin».

Bestalde, sindikatuko kideak oso arduratuta daude covid-19aren krisiak «hilabete gutxiren buruan» higiezinen industrian sor ditzakeen kalteekin eta horiek bizilagunengan izan dezaketen eragin izugarriekin. Angela Peinadok ohartarazi duenez, Lakuako Gobernuak etxegabetzeekin eta alokairuaren errentaren atzerapenekin lotuta hartutako urgentziazko neurriak bukatu egingo dira, eta, orduan, egoerak okerrera egingo du. Are gehiago ekonomia krisiak «jende asko bazterrean» utziko duela espero daitekeenean. «Hilabete gutxi barru izango dugun egoeraren beldur handia dugu. Horretarako prestatzen ari gara, alokairua ordaindu ezin duen jende pilo bati aurre egin beharko diogulako, eta ezin ditugu abandonatuta utzi», nabarmendu du.

Hala, etorriko den egoerari aurre egin ahal izateko, sindikatuaren irismena handitu eta Gipuzkoa osora zabaldu asmo dute donostiarrek. Sindikatura iristen diren gatazketan esku hartzeari emango diote lehentasuna, eta aurrera begira jarraituko duten ildo estrategikoa eztabaidatzen ari dira. Maizter eta auzotarrei, beraz, astearteetako asanbladetan parte hartzeko dei egin die Donostiako Maizterren Sindikatuak.