naiz

EAEko saltoki handietako salmentak %5,5 igo dira irailean

EAEko merkataritza azalera handietako eta elikadura kateetako salmentak %5,5 gehitu dira irailean, 2019ko hilabete beraren aldean. Laugarren hilabetea da jarraian tasa positiboa mantentzen duena.

Ilarak Arrasateko Eroskin, aurreko konfinamendu garaian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Ilarak Arrasateko Eroskin, aurreko konfinamendu garaian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Saltoki handietako eta elikadura kateetako elikagaien salmentek %6,8ko urte arteko igoera izan dute irailean, eta gainerako salgaiek %2,9koa, Eustat estatistika institutuaren arabera.

2019ko abuztuarekin alderatuta, elikagaien salmentak %1,6 igo dira prezio konstanteetan, eta gainerako produktuenak, aldiz, %1,7 jaitsi dira.

Lurraldeka, saltoki handietako eta elikadura kateetako salmentek EAEko hiruretan izan dituzte igoerak irailean, prezio konstanteetan: Araban %4,1ekoa, Bizkaian %4,6koa eta Gipuzkoan %7,6koa.

Bestalde, urtarriletik irailera bitarte, merkataritza azalera handietako eta elikadura kateetako salmentak %1,7 gehitu dira eta elikaduran metatutako salmentak %8,8 igo dira. Gainerako produktuen salmenta metatuak, aldiz, %12,2ko jaitsiera izan dute.

Hala ere,urteko kalkulu metatuak adierazten duene, lurralde guztietan gehitu dira salmentak: Bizkaian %0,5, Araban %2,6 eta Gipuzkoan %3,2, prezio konstanteetan eta lan egutegiko baldintza homogeneoetan.

Azkenik, EAEko saltoki handietako eta elikadura kateetako langileen kopurua %0,3 jaitsi da irailean, aurreko urteko hilabete beraren aldean, eta %0,6 2020ko abuztuaren aldean. Alabaina, 2020ko lehen bederatzi hilabeteetako kopuru metatuan, langileak %1,3 gehitu dira iazko aldi beraren aldean.