Arnaitz Gorriti

Gipuzkoa Basketek joan den asteko aho zapore txarra gozatu nahi du

Estudiantesen aurka jokatu dituen azken lau partidetatik hirutan irabazi dute donostiarrek, eta asteazken gauean halakorik errepikatzea komeni zaio, sailkapeneko zuloan murgildu nahi ez badu. TD Systems Baskoniari dagokionez, Pedro Martinezen Manresa arriskutsua etorriko da Zurbaora.

Burua altxatu eta arbelean idatzitakoa bete. Horra hor Marcelo Nicolak bere jokalariei ipini dizkien etxeko lanak. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Burua altxatu eta arbelean idatzitakoa bete. Horra hor Marcelo Nicolak bere jokalariei ipini dizkien etxeko lanak. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Asteon ACB Ligan aste erdiko jardunaldia izango du. Oso memento ona, beraz, asteburuko porrotak ahaz ditzaten nola Acunda Gipuzkoa Basketek hala TD Systems Baskoniak. Nahiz eta donostiarrek beranduago jokatuko duten gasteiztarrek baino –18.30etan Baskoniak; 21.15etan Gipuzkoa Basketek–, askoz ataka estuagoan daudenez gipuzkoarrak, beraiek merezi dute arreta berezia.

Estudiantesen kantxan jokatuko dute Marcelo Nicolaren gizonek. Egoera normal baten, galtzeko moduko partida izan zitekeen, edota aurkari zuzen batengana hurbiltzeko modukoa; zernahi, baina ACB Ligako zortzigarren jardunaldi hontan Gipuzkoa Basketen egoera normala ez beste da. Kanaria handiarekin batera atzeko zuloan sartuta, 1-5eko balantzea dauka –bigarren jardunaldian atseden hartzea egokitu zitzaion–, baina are larriagoa da joan den astean jokaturiko bi neurketetan emandako itxira petrala. Bartzelonaren aurka 86-60 galtzea nahikoa belarrondoko izan ez balitz bezala, Illunbera garaipenik lortzeke iritsi zen Fuenlabradak 72-100 irabazi zien Marcelo Nicolaren gizonei. Aurreneko laurdenean aldea hartu, donostiarren errakzio saiakerei eutsi eta azken laurdenean sekulako jipoia eman. Horra hor joan den larunbatean gertaturikoa.

Bada, ezin da halakorik berriz errepikatu. «Taktikoki ez ezik, animoa ere landu behar dugu aurrera egiteko», esan du Nicola entrenatzaileak partidaren bezperako agerraldian. «Itxura baten, taldeak buelta eman dio Fuelnabradaren aurka jasotako kolpeari, baina hori horrela dela erakutsi behar dugu, hasieratik amaierara lehiakor izanaz gainera», azpimarratu du teknikari argentinarrak.

Bestetik, egia da Estudiantes nahiko ongi doakiola Gipuzkoa Basketi. Madrildarren aurka jokatu duten azken lau aldietatik hirutan irabazi dute donostiarrak. Esaterako, duela bi urte 93-92 nagusitu ziren, partidak aurrez galduta zirudienean.

Dena dela, argi ibili beharko du GBCk Estudianteseko izarrekin. «Avramovic, Gentile eta Robersonek puntu asko sartzeko gaitasuna dute», zehaztu du Nicolak, bere jokalariei «kontzentrazioa» eskatuz.

Lezioa ikasiko al zuten

Hamarretik bederatzitan Saski Baskoniak Manresari arazo larregirik gabe irabazi beharko lioke, baita Manresako aulkian Pedro Martinez lako entrenatzaile bikain bat dagoenean ere. Alabaina, gasteiztarrek iaz 79-80 galdu zuten Manresaren kontra, eta hurrunago joan gabe, joan zen larunbatean 83-82 galdu zuten Joventuten aurka. Egia da partida eskuan izan zutela arabarrek azken segundoan Ferran Bassasek sasktiraturiko hiruko batek dena pikutara bidali zuen arte, baina are eta «benetakoagoa» da Baskoniak aurreneko erdi oso txarra egin zuela. «Gogorik gabe, intentsitate gabe, ezin nuen nire taldea ezagutu, eta atsekabe handia sortarazi didate zenbait jokalarik», bota zuen Ivanovicek horren harira partida osteko prentsaurrekoan.

Egia de Pierria Henry eta Youssoupha Fall bikain aritu zirela gero, baina beste zenbait jokalarik, Zoran Dragic eta Jekirik batik bat, ia ez zutela atsedenaldiaren ostean batere jokatu, entrenatzaileak zigortuta edo. Lezioa ikasiko al zuten hauek biek, eta baita gainontzeko kideek ere. Baskoniak talentua badauka, baina ez 40 minutuan gogor jokatu gabe erraz irabazteko adina.

Manresa, bestetik, Baskoniak adina garaipen lortuta iritsi da neurketa hontara. Vaulet hegaleko argentinarra edo Makai Mason jaurtitzaile estatubatuarra oso arriskutsuak izango dira. Baskoniak espazioak istea izan ohi du xede bere defentsan eta bi baten aurkako egoera asko bilatzen ditu. Baina Dani Perez edo Eulis Baez lako jokalariek baloia bikain mugitzen dakite, eta Mason, Rafa Martinez beteranoak eta enparauek urrunetik asmatzen badute, buruko minak itzuliko dira gasteiztarren artera.

«Pedro Martinezen taldeak beti dira onak eta zenbait xehetasunetan aurkaria baino pauso bat aurrerago egon ohi dira», iritzi dio Luca Vildozak. Karranpak jota, larunbateko partida amaitu ezinda geratu zen argentinarra, baina asteazken arratsaldean Dani Perezi begirik kendu gabe jokatu beharko du Vildozak. «Perezek taldeari jokatu arazten dio, talentu handia du hor», iritzi dio. bada, ongi daki argentinarrak defentsan latz sakatu beharko duela, aurreneko 20 minutuak oparitan eman gabe.