naiz

Lakua jantokien greba oztopatzen saiatu bada ere, «jarraipen zabala» izan du sindikatuen arabera

Eguerdian deitutako manifestazioek nahiz EAEko eskola jantokien grebaren bigarren egunak «jarraipen zabala» izan dutela adierazi dute sindikatuek, nahiz eta, haien esanetan, Lakuak oztopo ugari jarri dituen langileek lanuztea gauzatu ahal izateko.

Langile bat astearte honetan deitutako manifestazioan. (FOKU)
Langile bat astearte honetan deitutako manifestazioan. (FOKU)

ELA, LAB, CCOO eta UGTk deitu zuten lanuztea ikastetxe publikoetako, pribatuetako eta itunpeko ikastetxeetako jantokietan. Urriaren 21ean lehen greba eguna egin zuten eta asteon, hilaren 29an, hirugarrena deitu dute. Azaroaren 10ean Lakuako Gobernuarekin hitzartu duten bileraren aurretik presio egin asmo dute langileek, Urkulluren taldeak proposatutako neurriak ezdeusak direla iritzita.

Jangeletako langileek urteak daramatzate protestan beren lan baldintzak defendatzeko. Langileak ratio-jaitsieren alde, hitzarmen propioa eskatzeko, jangelak toki seguruak izateko baliabideak eskatzeko nahiz «miseriako» lanaldiak eta soldatak salatzeko mobilizatu dira.

Helburu horien alde, 8.000 azpikontratatutako langile zeuden deituta gaurko grebara.

Urriaren 21eko lanuztean, eta baita astearte honetakoan ere, enpresak sukaldeko eta jantokietako lanpostuetara esleitutako ehunka langile beren lanpostuetara joatera behartzen ari direla esan dute sindikatuek, langileen %100 zerbitzu horietara aplikatuta.

Zentzu horretan, sindikatuek berriro adierazi dute Lakuak greba egunerako gutxieneko zerbitzuei buruz emandako agindua epaitegietara jotzeko asmoa dutela, «gehiegizkoak» iruditzen baitzaizkie.

Hasiera batean, kontzentrazioak deitu ziren EAEko hiru hiriburuetako Hezkuntza ordezkaritzetan, baina, bizi diren udalerrietatik irteteko debekua dela eta, sindikatuek beren herrietako ikastetxeen aurrean mobilizatzera deitu dute.

Prentsara igorritako ohar batean, ELAk salatu du Hezkuntza Sailak eta ikastetxeetako jantoki publikoak, pribatuak eta itunpekoak kudeatzen dituzten enpresek Lan Sailak agindutako «gutxieneko zerbitzuen aginduaren interpretazio interesatua ezarri dutela, langileen jarraipena eta aldarrikapena estaltzen saiatzeko».

Halaber, ELAk azpikontratetako langileak erakusten ari diren indarra azpimarratu du. «Indar hori grebaren jarraipenean eta eguerdian Bilbon, Gasteizen eta Donostian deitutako manifestazioetan egiaztatu ahal izan da, ehunka langilek parte hartu baitute», adierazi du.