Naiz

Europako subiranotasun gatazkak konpontzeari buruz eztabaidatuko dute nazioarteko adituek Bilbon

Bilboko Azkuna zentroan ‘Subiranotasun gatazkak Europan: konponbiderako oinarriak’ jardunaldiak antolatuko dituzte azaroaren 11tik 13ra. Bertan, Euskal Herria, Herrialde Katalanak eta Europako hogei entitate inguruk parte hartuko dute eta «europar estatuetako subiranotasunaren inguruko lurralde gatazken konponbide demokratikorako praktika onen kode etiko baterako oinarriak aurkeztuko dira».

‘Subiranotasun gatazkak Europan’ jardunaldiak aurkeztu dituzte. (@ei_sev)
‘Subiranotasun gatazkak Europan’ jardunaldiak aurkeztu dituzte. (@ei_sev)

Azaroaren 11tik 13ra Bilboko Azkuna Zentroak ‘Subiranotasun gatazkak Europan: konponbiderako oinarriak’ jardunaldiak hartuko ditu. Bertan, subiranotasunaren inguruko lurralde-gatazkak demokratikoki kudeatzeko praktika onen koderako oinarriak aurkeztuko dira, Europako proiektuaren balio eta printzipioei men eginez.

Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalans-ek antolatuta, foro honen helburua «europar proiektu komunari buruz, bere artikulazio eta demokratizazioari buruzko gogoetan ekarpena egitea» da, «partaidetza akademiko, instituzional eta sozio-politikoaren laguntzaz».

Horretarako, Euskal Herria, Herrialde Katalanak eta Europako hogei entitate inguruk parte hartuko dute ekimenean. «Hiru egunetan zehar eztabaida izango da nagusi eta, azkenik, europar estatuetako subiranotasunaren inguruko lurralde gatazken konponbide demokratikorako praktika onen kode etiko baterako oinarriak aurkeztuko dira».

Euskaraz, gazteleraz eta ingeleraz egingo diren eztabaida eta elkarrizketek hiru ardatz izango dituzte. Alde batetik, subiranotasunaren lurralde gatazka zer den zehaztea. Bestetik, Europak zergatik hartu behar duen parte azpimarratzea. Eta, azkenik, «praktika on» horien definizioa.

«Nazioarteko espezialistek planteatutako gaiei buruzko ikuspegiak eta ikuspuntuak kontrastatuko dituzte. Gainera, eztabaida sozio-politiko bati esker, konponbide demokratikorako eszenatoki berriak aztertuko dira», azaldu dute antolatzaileek.