Jon Ormazabal

Profesionalak ez diren pilota txapelketa guztiak bertan behera geratu dira pandemiaren erruz

Federazioek antolatutako txapelketa ofizialak, Bankoa&DV, Olazar, Biharko Izarrak, Emakume Master Cup, Kepa Arroitajauregi Memorialak eta Euskal Herriko kluben arteko Nazionalak geratu beharra izan dute.

Larrabetzun topaketa bat egin ostean, Emakume Master Cup txapelketak geratu egin behar izan du. (EMC)
Larrabetzun topaketa bat egin ostean, Emakume Master Cup txapelketak geratu egin behar izan du. (EMC)

Pilota munduak pozez hartu zuen esku pilota profesionalean atzo sinatutako akordioa, besteren artean, hurrengo asteetan txapelketek aurrera egiteko bermea lortu zutelako, baina harrobiarekin lan egiten duten teknikari, antolatzaile eta pilotariek badute kezkatuta egoteko arrazoirik, erakunde desberdinek hartutako osasun neurrien ondoren, lehiaketarik gabe geratu baitira, gutxienez hurrengo bi asteetan.

Lakuak eta Nafarroako Gobernuak ezarritako debekuen ostean, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako federazioek bertan behera utzi dituzte jokoan ziren lurraldeetako txapelketak eta torneo pribaturik gehienek ere, denek ez esatearren, euren ekitaldiak geratu behar izan dituzte egoerak hobera egiten duen bitartean.

Horixe da Bankoa&DV, Zaldibarko Olazar eta Mallabiko Biharko Izarrak torneoen kasua. Hiru txapelketa hauetan euren jarduna bi astez eteteko hautua hartu dute, baina ahal bezain pronto berriro ekiteko asmoa agertu dute. Abadiñon jokatzen ari zen Kepa Arroitajauregiren Omenezko trinkete txapelketak ere antzerako hautua egin du, baina kasu honetan inolako eperik ezarri gabe.

Master Cup, alternatiba bila

Emakumezkoen kasuan, Laboral Kutxa Emakume Master Cup bere lau eta erdiko txapelketa hastekoa zen aurreko asteburuan, baina zenbait pilotari etxean konfinatuta eta Nafarroako eta Errioxako pilotariak euren lurraldeetatik irten ezinda, lehen jardunaldi hori jokatzeke utzi zuten. Egoera oso zaila den arren, Iker Amarika antolatzaileak NAIZi adierazi dionez, «ez dugu etsitzen eta zerbait egin ahal izateko alternatiba bila gabiltza, parte hartze txikiagoarekin bada ere, zerbait antolatu ahal izateko».

Azkenik, udaberrian ere bere jarduna eten behar izan zuen Euskal Herriko Kluben Arteko Nazionalak 2021eko udaberrira arte atzeratu ditu jokatzeke geratzen zaizkion hiru jardunaldiak. Txapelketarekin zer gertatzen den erabaki bitartean, antolatzaileek saritan irabaz zezaketen diru kopururik handiena ematea erabaki zuten, azken sailkapena erabakitzen denean kontuak egiteko konpromisoarekin.