Maddi TXINTXURRETA

Fanatikoak emakumeen gorputzetatik kanporatzen

Iragan ostegunean Poloniako Auzitegi Konstituzionalak malformazioren bat duten umekiak abortatzea legez kanpoko praktika zela ebatzi zuenetik, egunero-egunero atera dira kalera emakumeak. Atzo greba egin zuten, epai atzerakoiarekin haserre.

«Hezkuntzan bai, debekua ez» edo «Hau gerra da» dioten kartelak, atzo Varsovian. (Janek SKARZYNSKI/AFP)
«Hezkuntzan bai, debekua ez» edo «Hau gerra da» dioten kartelak, atzo Varsovian. (Janek SKARZYNSKI/AFP)

Varsovia, Krakow, Poznan, Wroclaw, Szczecin Katowice eta gutxienez Poloniako beste ehun herri eta hiritan protestak piztu ditu aste osoan zehar Abortuaren Legearen erreformak. Kale eta zubiak moztu dituzte egunotan eta, lehenbizikoz, herritarren gehiengo zabala katolikoa den herrialdean elizak izan dira borrokaren agertoki zentralak, Auzitegi Konstituzionalaren eta Legea eta Justizia (PiS) alderdi ultrakontserbadorearen egoitzekin eta Jaroslaw Kaczynski alderdi horren liderraren eta Gobernuko lehen ministrordearen etxearekin batera.

Agian horregatik, Kaczynskik «elizak defendatzera» deitu zuen atzo, protesten seigarren egunean, emakumeek protestak areagotu eta greba egitea erabaki zuten egunean. PiSren jarraitzaileak, bide batez, Kaczynskiri kasu egin eta elizen kanpoaldean elkartu ziren, manifestariei bortizki kontra egiteko prest.
Modu berean, Francisco aita santuak Poloniako fededunei zuzendutako agurrean gogorarazi zuen San Joan Paulo II.a poloniarrak beti aholkatu zuela «gizaki ororen babesa, hasi ernalkuntzatik eta heriotza naturaleraino».

OSK Emakumeen Greba Orokorra kolektibo feministak ekintza-plan bat aurkeztu zuen pasa den astean, herritarrek, oraingoz behintzat, modu zabalean jarraitu dutena: igandean, protestak elizetan; astelehenean, kaleen blokeoa; asteazkenean, emakumeen greba orokorra; eta, ostiralean, martxa orokorra Varsoviara.

Varsovian hainbat protesta gune izan ziren atzokoan. Dozenaka lagun bildu ziren epaitegietan, aurreko manifestazioetan poliziak atxilotutako ekintzaileak askatzea eskatzeko. Bestalde, goizeko protestarik handiena Ordo Iuris erakunde ultrakontserbadorearen egoitzaren aurrean izan zen. Mila pertsona inguru bildu ziren bertan.

«Asaldatuta» hartu zuten poloniarrek Auzitegi Konstituzionalaren erabakia, baita Polonian bizi diren atzerritarrek ere. Varsoviako Unibertsitatean irakaslea da Aitor Arruza euskalduna, eta bere ikasleek greba egingo zutela abisatu zioten. «Gaur [atzo] goizean errektoreak esan du klaseak bertan behera geratuko zirela», esan du. Arruzaren emaztea protestetan egon zen, Parlamentuaren blokeoaren unean. Jende «asko» zegoela kontatu zion Arruzari, eta jendea «haserre» zegoela. «Protestak jada ez dira hain zintzoak. PiSeri, ‘joan popatik hartzera’ oihu egiten diote», ohartarazi du irakasleak.

Kontatu duenez, zenbait osasun-profesionalek beraien asmoa agertu dute «intsumisio» jarrera bat hartu eta abortuak praktikatzeko. «Orain dela gutxi, gainera, [Andrzej] Duda presidentearen alabak esan du ez dituela protestak babesten, baina Konstituzionalaren erabakia ez zaiola batere gustatzen», gehitu du Arruzak.

Manifestarien artean, Strajk Kobiet 2016an grebaren alde egin zuen mugimendu feministaren kartel ugari ikus zitezkeen. “Beltzezko emakumeek” grebara deitu zuten orduan, iragan ostegunean gauzatu zutena lortzeko saiakeran ari zirelako, abortuaren ilegalizazioa. Euripean atera ziren kalera, 2016ko urriaren 3an, aterkiekin marea beltz bat sortuz, “astelehen beltza” bezala oroitzen den protesta egunean.

Orain lau urte bezala, «fanatikoak gelditzea» eskatu zuten atzo manifestariek. Gobernuaren polizia-aparatuek, baina, gogor erantzun zuten herritarren kontra. Aurreko egunetan polizien kargak, atxiloketak eta gas negar-eragilea erabili zituzten protestak ekiditeko; atzo, berriz, militarrak atera ziren kalera, istiluen eta covid-19aren aitzakiapean. Hala eta guztiz ere, grebara eta deitutako protestetara «jende asko» batu zela nabarmendu du Maialen Sobrinok. Euskalduna da bera, baina ondo ezagutzen du Poloniako testuingurua, bertan egon baitzen bizitzen urte batzuk. Jende asko atera du kalera Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak, nahiz eta, Sobrinok nabarmendu bezala, «pandemia baten erdian egon». «Oinarrizko eskubideen urraketa izan da eta horrek emakume anitz mobilizatu ditu», azpimarratu du.

Parte hartzearen arrakastaren arrazoia, Sobrinoren ustez, politikoki, erlijiosoki edo klase sozialari dagokionez oso ezberdinak diren emakumeak elkartu zirela da. «Espero ez zuten emakumeekin ikusi dute bere burua askok protestetan. Pankarta beraren atzean, emakume arras katoliko bat eta lesbiana ekintzaile bat elkartu dira», azpimarratu du.

Praktikan, ilegalizazioa

2015eko hauteskundeak irabazi eta bere indar politikoa egonkortzea lortu zuen PiSek, gobernu koalizioko alderdi nagusi bihurtuta. Ordutik, Polonian protestak eragin dituzten eta Europar Batasunaren baitan gaitzespena eragin duten erreforma judizialak bultzatu ditu alderdi ultrakontserbadoreak. Erreformon ondorioz, herrialdeko justiziaren independentzia ezbaian jarri dute hainbat nazioarteko erakundek. Hala ere, berean segitu du PiSek, eta, adibidez, Auzitegi Konstituzionaleko presidente izendatu zuen Julia Przylebska. Hain zuzen ere, auzitegi horrek onartu zuen ostegunean Abortuaren Legearen erreforma, pandemia bete-betean. Aurretik ere Europako lege zurrunenetakoen artean zegoena areago murriztu zuen umekiaren malformazio kasuetan abortua legez kanpoko praktikatzat joz.

Ondorioz, abortua soilik bi kasutan izango da legezkoa Polonian: amaren bizia arriskuan dagoenean edo umekia bortxaketa edo intzestuaren ondorio denean. Alabaina, praktikan, esan daiteke abortua ilegalizatu duela Konstituzionalaren erabakiak, izan ere, Poloniako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 2019an legez abortatu zuten 1.110 emakumeen %97k, 1074 guztira, umekiak malformazioren bat zuelako egin zuten. 33 emakumek euren bizia arriskuan zegoelako abortatu zuten, eta soilik hiruk bortxaketa edo intzestua tartean zegoelako.

Gainera, kontuan izanda 38 milioi biztanle direla herrialdean, legez abortatu duten emakumeen zifra deigarriki baxua da; alta, horrek ez du esan nahi abortu gehiago egon ez direnik. Poloniako elkarte feministen arabera, 100.000tik gora abortu egiten dira urtean, legez kanpo edo Poloniako mugetatik kanpo.

Hori da, hain zuzen ere, emakume poloniarrek azken aste honetan eta atzoko greba egunean kalera eraman duten aldarria: abortua debekatzen bada ere, abortuak egongo dira, orain arte bezala, legez kanpokoak eta sarritan arriskutsuak. Abortuaren kontra dauden ultrakontserbadoreen kontzientzia arazoak, hartara, milaka emakumeengan izan dezake eragina.