NAIZ

Trenasako 110 kaleratzeak berraztertzeko eskatu du LABek

Hurrengo hiru hilabeteetan Trenasako enplegu erregulazio espedientea (EEE) etengo dela jakin ondoren, LABek borrokarekin jarraitzera animatu du, 110 langile kaleratzea «erabaki tragikoa» izango litzakelako. LAB ez dator EEEarekin, iritzita enpresak baduela bideragarritasuna funtzionamendu normalarekin jarraitzeko.

Trenasaren itxieraren aurkako kartela Castejongo lantegiko sarreran. (Iñigo URIZ/FOKU)
Trenasaren itxieraren aurkako kartela Castejongo lantegiko sarreran. (Iñigo URIZ/FOKU)

LAB sindikatuak azpimarratu du hasiera-hasieratik argi izan dutela «EEEa ez datorrela bat enpresaren errealitatearekin, haren funtzionamenduarekin eta esku artean dituen proiektu eta esleipen guztiekin jarraitzeko bideragarritasun nahikoa duelako».

Zentzu honetan, sindikatuak uste du «EEEren planteamendua desegokia eta onartezina izan dela», eta beraz, argi utzi dute, beste behin, «Trenasako langileen kaleratze masiboa eragiten duten etorkizuneko planteamenduen» aurka daudela.

Aldi berean, eta kontuan hartuta «aldi baterako etenaldia» dela eta ez «erabaki irmoa», LABek eskatu die gobernuei eta enpresari «110 pertsona kaleratzea bezain tragikoa izanen litzatekeen erabakia» berriz azter dezaten.

«Argi dugu langile-borrokarik gabe ez ginela gauden puntura ailegatuko, eta horregatik azpimarratu nahi dugu, bulego eta bileren gainetik, borroka txiki horren irabazlea —ez gerrarena— kalean eginiko borroka izan dela, jendearen presioa eta langile-klaseak bere lanpostuak defendatzeko duen borondatea eta nahia», agertu du LABek.

Azkenik, sindikatuak jakinarazi du «hau ez dela bukatu» eta Castejongo udaletxean sartuta jarraitzen duten pertsonei indarra bidali diote, «batzuek besoak jaitsi eta lanera itzultzeko duten burugogorkeriaren aurrean».