NAIZ

ZEV Zuazo Kopako hurrengo fasean izango da Arrecife menderatu ondoren (24-31)

Bizkaitarrek lehen zatiko azken minutuetan ireki zuten zuloa markagailuan, neurketa bideratuta utziz. June Loidi izan zen taldeko goleatzaile nagusia, aurkarien atea sei aldiz zulatuta.

Zuazok ez zuen huts egin Lanzaroten (ZUAZO)
Zuazok ez zuen huts egin Lanzaroten (ZUAZO)

Zubileta Evolution Zuazo Kopako bigarren kanporaketan izango da asteazken gauean Lanzarote Ciudad de Arrecife taldea kanporatu ondoren. Bizkaitarrak 24-31 nagusitu ziren Kanariar Irletan jokatutako partidan, eta kanporaketa partida bakar batera zenez, Barakaldokoak hurrengo fasean izango dira.

Bizkaitarrek lehen zatiko azken minutuetan ireki zuten zuloa markagailuan, neurketa bideratuta utziz. Nahiz eta lehen jokaldietan borroka parekatuagoa izan –11. minutuan 6-7koa zen emaitza–, hortik aurrera partzial ederra sinatu zuen Zuazok eta atsedenaldira 10-16 agintzen iritsi zen.

Aipagarria minutu garrantzitsu horietan June Loidik egindako lana, gol oso baliotsuak sartuz. Azkenean sei golekin amaitu zuen dema, eta bera izan zen taldeko goleatzaile nagusia. Anne Erauskinek ere asko lagundu zuen lehen txanpan.

Bigarren zatian Zuazok neurketa beti kontrolpean izan zuela esan daiteke, markagailuan beti bost goletik gorako errentak izan baitzituen. Alba Sanchez izan zen minutu horiek ongien baliatu zituena, azkenean dema lau golekin amaituz.

Kopako txartela ziurtatuta, ia bi aste ditu orain Zuazok Ligako hurrengo hitzordu garrantzitsu bezain zaila prestatzeko, hain zuzen ere azaroaren 7an Lasesarren Bera Beraren aurka jokatuko duen derbia.