Ramon SOLA-Maite UBIRIA

Espetxera bidean jarriko dira senideak, bisitak egin ahal izateko eskubidea eta itxaropenarekin

Galizia eta Extremadura ezik, euskal presoak dituzten gainerako lurraldeak itxita egongo dira asteburu honetan, baina hori ez litzateke bisitak egin ahal izateko oztopo izan beharko. Senideek bidaiari ekin diote beraz, zenbait baieztapen egin ondoren, baina betiere edozein oztopo aurkitzearekin kezkatuta.

Iruñeko espetxera egindako martxa, pandemia garaian preso eta senideen egoeraz ohartaraziz. (Iñigo URIZ | FOKU)
Iruñeko espetxera egindako martxa, pandemia garaian preso eta senideen egoeraz ohartaraziz. (Iñigo URIZ | FOKU)

Asteburu bereziki zaila dute aurretik euskal presoen senide eta lagunek. Bidaia luzea egin beharrari kezka berezia eransten zaio orain. Ostegunean elkarte autonomoek hartutako erabakiak direla eta, Galizia eta Extremadura ezik kartzelak dituzten gainerako lurralde guzti-guztietan sartu eta ateratzea debekatuta dago. Edo, hobe esanda, murriztuta. Lanerako sar daiteke, esaterako, zaintzarako ere bai: salbuespen hauetan sartzen dira presoei egin beharreko bisitak, jakina. Etxeratek egindako kontsultek honela baieztatu dute.

Hala ere, bidean arazoren bat sor daitekeela (trafiko kontrol bat esaterako) aurreikus daiteke. Horretarako, bisita hitzartuta dagoela frogatzen duten jakinarazpenak edota espetxeko telefono zenbakia eramatea guztiz komenigarria da, eskubide hori egikaritu eta bermatze aldera.

Behin kartzeletara iritsita, gauza bera: ez litzateke arazorik izan beharko, bisitak espetxe gehien-gehienetan baimenduta daudelako, eta hitzorduak hartuta. Zenbait tokitan ez, covid-19a dela eta aukera hori bertan behera utzi baitute asteburu honetan: Murtzia, Ocaña eta Soto del Real, esaterako.

Gauzak honela, ibilgailu asko eta Mirentxinen bost furgoneta bidean izango dira, gainerako asteburuen antzera, bisita egiteko eskubidea dutela-eta, bai eta gauzatzeko itxaropena ere. Edozein kasutan, kezka bidaialagun izango dute, ezinbestean, eta sor daitekeen edozein trabaren aurrean lasaitasunez jokatu eta bidean segitzeko eskubidea justifikatzea gomendatzen da.

155 familia ingururi eragingo dio salbuespeneko egoera honek. Galizian hamabi preso dira (A Lama, Curtis eta Monterroxo batuta) eta Extremaduran bi (Caceres eta Badajoz): bi eremu hauek konfinaturik ez daudela eta zeharkatu behar dituzten lurraldeetatik pasatzeko oztoporik ez dela kontuan harturik, ez lukete inolako arazorik izan beharko, ez bidean ez eta helmugan ere. Espetxeak itxita direlako, bestalde, bisitarik ez dutenak hamarren bat dira. Baina Estatu espainolean diren ia %90a trantze honetan izango da.

Estatu frantsesean, zalantza gehiago oraindik

Estatu frantseseko espetxeei dagokienez, zalantzaz beterik dator asteburua, Emmanuel Macron presidenteak gaurtik konfinamendu gogorra ezarri ondoren. Adibide bat emateko, asteazkenean Roannen normaltasunez egin ziren bisitak baina asteburuari begira gauzak alda litezkeela jakinarazi zitzaien senideei eta ostiral honetan oraindik ez zuten berri gehiagorik.

Lannemezan da une honetan euskal preso gehien biltzen dituen kartzela (hamahiru). Pandemiaren ondorioz bisita egin dezaketen lagunen kopurua sei pertsonara mugatu dute aurretik eta luzeagoak diren bisita bereziak bertan behera utzi dituzte. Asteburu honetan bertara iristeko asmoa dute, bi astean behin egiten ari diren bezala, bisitak programatuta daudelako, baina azken ordura arte edozer gerta daitekeela aipatu diote NAIZi.