NAIZ
GETXO

Getxoko Komiki Azoka, formatu txikian, baina badator asteburuan

Getxoko Komiki Azoka ezin izango denez egin aurten, formatu txikiko ekitaldi desberdinak antolatu dituzte ostirala eta larunbata honetarako. Nacho Vigalondo eta Borja Crespo zinemagileen arteko solasaldi batekin hasiko dira jardunaldiak.

Nacho Vigalondo Austin Stowell aktorearekin, 2016an Zinemaldian ‘Colossal’ aurkeztu zuenean. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Nacho Vigalondo Austin Stowell aktorearekin, 2016an Zinemaldian ‘Colossal’ aurkeztu zuenean. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Formatu txikiko ekitaldiz osatutako programa berezia prestatu dute, eta solasaldiak, mahai inguruak, aurkezpenak eta erakusketa bat izango dira, besteak beste. Ekitaldi guztiak Erromoko kultur etxean egingo dira eta covid-19aren inguruan indarrean dagoen araudia beteta, Getxoko Kultur Etxeko arduradunek azaldu dutenez. Hori bat, Getxo eta inguruko herrietako biztanleak bakarrik joan ahal izango dira.

Bertan, bi egunez, solasaldiak, mahai-inguruak, topaketak artistekin eta komiki-aurkezpena izango dira. Besteak beste, aurten Cels Piñol, Albert Monteys, Sole Otero, Nacho Vigalondo, Rosa Codina eta Kike Infame izango dira gonbidatutako partaide batzuk eta publikoak beren esperientziak ezagutu ahal izango dituzte zuzenean

Ohi denez, artista ezagunak bisitatuko dute Getxo. Horrela, Nacho Vigalondo zinema zuzendari eta dibulgatzailearekin hasiko dira jardunaldiak gaur ‘Mis tebeos favoritos’ gaiari helduta (17.30ean). Moderatzailea Borja Crespo izango da. Gainera, Aroha Trave artista gaztea underground komiki berriaz ariko da Rosa Codina eta Irene Marquez irudigileekin batera (18.30ean). Eguna bukatzeko (19.30ean), Cels Piñols, Albert Monteys eta Nacho Vigalondo ariko dira mahai inguruan.

Bihar Higinia Garay eta Elizabeth Casillas egileek ‘Emakume guztiok’ eleberri grafikoa aurkeztuko dute, El Salvadorreko abortuaren kontrako legedi bortitzaren ondorioak jasan izan dituzten lau emakumeren bizipenetan oinarrituta (12.00etan). Jarraian, Ana Galvañ eta Sole Otero komikigileak izango dira protagonista, ‘Cómic de otros mundos’ topaketan (13.00).

Arratsaldean, Borja Crespo ‘Cómic en Halloween. Tebeos, pelis y series de terror’ (17.00) gaiari buruz mintzatuko da eta jarraian (18.00) ‘Subnormal. Una historia de acoso escolar’ komikia aurkeztuko da. Iñaki Zubizarreta saskibaloi jokalari ohiaren esperientzian oinarritutako lana da.

Bestalde, Albert Monteysek eta El Hematocrítiko-k haurtzaro eta gaztaroko komiki klasikoei buruz hitz egingo dute (19.00), eta jardunaldiak ixteko, topaketa bat izango da (20.00) Jose Luis Agreda Sevillako egilearekin. Hain zuzen, Agredak ‘Komiki heroiak’ erakusketa aurkeztuko du Erromoko Kultur Etxean, azaroaren 1era bitarte. Egile andaluziarrak bere haurtzaro eta gaztaroko komiki pertsonaia klasikoen ilustrazioak bildu ditu.