Asier AIESTARAN

Laso, Victor, Mariezkurrena eta Eskirozen kontratuak azkar sinatzeko eskatu du Pilotabizik

Nafarroako eta Errioxako Federazioek ere sinatzen duten oharrean, lau pilotariek txapelketa nagusietan beren kirol merituak defendatzeko duten eskubidea bermatzeko eskatzen dute, enpresen aldetik «jarrera berria» erakutsiz.

Asier Agirre eta Jon Mariezkurrena, pilotariek eman zuten prentsaurrekoan (Gorka RUBIO / FOKU)
Asier Agirre eta Jon Mariezkurrena, pilotariek eman zuten prentsaurrekoan (Gorka RUBIO / FOKU)

Pilotabizi Pilotazaleen Elkarteak ohar baten bidez eskatu dio Enpresen Ligari, pilotariekin akordio batera iritsi ostean, urratsak eman ditzala «jarrera berria argi eta garbi» erakusteko.

Horretarako, eskaera sinatzen duten elkarte eta eragileei funtsezkoa iruditzen zaie Laso, Victor, Mariezkurrena eta Eskiroz ahalik eta azkarren berriz ere txapelketa nagusietan parte hartzen ikustea.

Unai Lasoren kasuan, Pilotabizik uste du «bukatzeko dagoen binakako txapelketaren finalerdia jokatu ahal izateko, gutxieneko kontratu bat» eskaini behar zaiola Lasori eta «behar izanez gero, kontratu berdina eskaini binakako finalerako».

«Bere kirol merituak nahiko frogatu dituelako, berehala hasiko den eskuz banakako txapelketan eta gero segidan etorriko diren 4 1/2koan eta binakako txapelketan parte hartzeko eskubideak bermatu behar zaizkiola uste dugu», gaineratzen dute Lasori buruz.

Victor, Mariezkurrena eta Eskirozen kasua, Binakako Txapelketarako kontratua sinatuta eduki beharko luketela uste du Pilotabizik, errioxarraren kasuan lehenago, Lau eta Erdian ere jokatu ahal izateko. «Kirol merituak errekonozitzeko era onena berehala kantxan ikustea izango da», diote haiei buruz.

Pilotabiziren esanetan, «eskaera hau nahiko erraz bete litekeela uste dugu». «Pelotazaleen nahia betetzeaz aparte, jarrera berria argi eta garbi erakusten lagunduko luke, bai formatan baita esku-pelota kirolaren kudeaketan ere», amaitzen du Nafarroako eta Errioxako Federazioek ere sinatzen duten oharra.