NAIZ

Lurrama laborantza feria ez dute eginen aurten

Konfinamendua dela eta, aurtengo Lurrama feria bertan behera geratzen dela jakinarazi dute antolatzaileek. Apirilaz geroztik moldaketa ezberdinetan lan egin dute, bain indarrean sartu berri den neurriek ezinezko bilakatu du azoka egitea.

Biarritzeko Irati erakustazokan egin zuten iaz Lurrama feria. (Guillaume FAUVEAU)
Biarritzeko Irati erakustazokan egin zuten iaz Lurrama feria. (Guillaume FAUVEAU)

«Itxialdia dela eta, gure aurtengo edizioa ezeztatzera behartuak gira». Hitz horiek baliatu dituzte Lurrama laborantza azokaren antolatzaileek inoiz eman nahi ez luketen berria iragartzeko.

Ohar baten bidez azaldu dutenez, «apiriletik formula desberdinak landu ditugu, suprefeturaren gomendioen arabera egokituz, bainan ezin dugu bururaino joan, hamabosgarren edizioa berezia izanen zela bagenekien, bainan ez zela eginen ez genuen sinetsi nahi».

‘Biharko mundua gaurko hautua’ lelopean garatu behar zen aurtengo azoka. Lurramako antolatzaileen ustez covid19-ari loturiko krisiak gogoeta horren beharra argiki erakutsi du.

2020ko Lurrama azokaren harira konferentzia ziklo bat antolatu zuten, «berlokalizazioa, elikadura burujabetza, eta mikrobioen inguruan hausnarketa bat» proposatzeko eta hain zuzen laborantza «bizirik eta naturala» izatea osagarria zaintzeko duen garrantzia nabarmentzeko.

«Publikoarekin aditu eta laborarien ekarpenak partekatu nahi ditugu, eta hitzordua ematen dugu azaroaren 14an goizeko 11etan plazaratuko dugun bideo bat begiratzeko www.lurrama.org webgunean», iragarri dute antolatzaileek.

Dominique Bourg, Marc-André Sélosse, Aurélie Trouvé eta Nicolas Girod adituek bideo batean haien lekukotasuna eskainiko dute.