Dabid Lazkanoiturburu

Bidenek Obama du lagun gaur Michiganen, Trumpek ordea Pensylvania du helburu

Barack Obama presidente ohia bere presidente-orde eta demokraten hautagaia den Joe Bidenekin Michiganen, Donald Trump presidentea berriro ere Pensylvanian… bi lehiakideek Burdin-Ingurabidean dauden zalantzazko estatuetan (swing states) indar guztiak jartzen ari dira hauteskundeen aurreko azken asteburuan. 

Obama, Biden eta Trump azken honek 2017ko urtarrilak 20an presidente kargua hartu zuenean. (Paul J. RICHARDS/AFP)
Obama, Biden eta Trump azken honek 2017ko urtarrilak 20an presidente kargua hartu zuenean. (Paul J. RICHARDS/AFP)

Kanpaina hasi zenetik lehen aldiz, Joe Biden hautagai demokratak Barack Obama presidente ohia du ondoan gaur «drive-in» (jendea kotxean, AEBetan ohikoak ziren zine emankizunetan bezala), Flint eta Detroiten, Michigango estatuan. Iluntzean Stevie Wonderren musikari famatuaren emankizuna espero zen. 

Donald Trump presidenteak Burdin-Ingurabideko estatuan, garai batez fabrikez josita egon zenean, %0,2 puntuetako aldearekin gailendu zitzaion Hillary Clinton hautagai demokratari, boto eskax batzuengatik beraz.

Oraingoan 7 puntutako aldea ateratzen dio Bidenek, baina artean ere ez da fio eta Clintonek egin ez zuen bezala, bere kanpainak presidentea hautatzeko 16 boto (270 behar dira) ematen dituen estatuan garaipena ziurtatzen saiatzeko azken momentura arte indarrak biltzea erabaki du.

Azken astean Barack Obama  bere onarpen maila Bidenen kanpainaren alde jartzen ari da. Horrela, bada, AEBetako historian lehen presidente beltzak mitinak eman ditu, han eta hemen, datorren astearteko hauteskundeetan berriro ere berebiziko garrantzia izango duten Floridan eta Pensylvanian.

Azken estatu honetan hain zuzen saiatzen ari da bereziki Donald Trump presidentea.  Burdin-Ingurabidean kokatzen da ere Pensylvania eta bertan ere irabazi zion magnateak Clintonen emazteari 2016an. Presidenteak hiru mitin emateko asmoa du, Bidenen jaioterria den arren inkestek berdintasuna iragartzen duten estatu horretan.

Pensylvaniarekin batera Florida eta bere 29 botoak ezinbestekoak bilakatu daitezke, duela lau urte moduan, garailea izendatzeko. Horrela, bada, Trumpek mitin maratoia egiteko asmoa du bihar igandean, Miamiko aireportuan amaituko duena.

Kamala Harris senataria, Bidenek irabaziko balu presidente ordea, aurreratu egin zaio eta beste hiru agerraldi egiten ari da gaur Floridan, era motorizatuan, noski: Miami hiriburuan bertan, Fort Lauderdalen eta Lake Worthen.

Hala ere, ez da horretan amaitzen politikarien eta hauen ingurukoen lur hartzea Floridan. Eric Trump semea eta Jill Biden emaztea ere espero dute gutxiengo latindarrak, batez ere kubatarrak eta venezuelarrak, bere biziko presentzia duten estatuan. Inkestek berdinketa teknikoa ematen dute ere 2016an puntu bategatik Trumpek irabazi zuen Floridan (2008 eta 2012an aise irabazi zuen Obamak).

«Gabonik gabe»

Atzo, Midwesteko estatuak bilakatu ziren lehiarako eskenatoki nagusi. Minnesotan Bidenek irabazyen badu Gabonak ezin izango direla ospatu ohartarazi zuen Trumpek, duela lau urte bertan lortu zuen garaipena errepikatzeko edozer trikimailu erabiltzeko prest dagoela erakutsiz.

Biden eta demokratak koronabirusaren aurrean hartzen ari diren neurriei trufa eginez, zera esan zien magnateak bere jarraitzaileei Michiganen: «Harrapatzen baduzue, zuendako hobe, gero immunizatu egingo zaretelako».

AEBetan dagoeneko 230.000 hildako eragin ditu pandemiak eta kutxatutakoen kopuruak 9 milioiko marra gainditu du azken ordutan.