NAIZ
GASTEIZ

Teatro Paraisoren ‘Uniko’ txotxongilo antzerkia estreinatuko da Gasteizko Principal antzokian

Gasteizko Principal antzokiak Teatro Paraisoren ‘Uniko’ txotxongilo antzerkiaren estreinaldia eskainiko du igande honetan, azaroaren 1ean. Iñaki Rikartek zuzendutako obrak interpretazio onenaren saria jaso zuen Feten jaialdi garrantzitsuan, Maite Bayonek egindako Paul paperagatik.

‘Uniko’ obran egiten duen interpretazioagatik saritua izan da Maite Bayon. (NAIZ)
‘Uniko’ obran egiten duen interpretazioagatik saritua izan da Maite Bayon. (NAIZ)

‘Uniko’ txotxongilo antzerki lanak Paul izeneko mutikoaren istorioa kontatzen du: seme bakarra eta etxeko erregea da… Irati arreba jaiotzen den arte. Horrek beldur handia sorrarazten dio, maitatua ez izateari, eta egoera berri horrek kolokan jarriko du familiaren egonkortasuna.

Anaia-arreba baten jaiotzagatiko jeloskortasunak haurrarengan eta inguruan zer eragin dezakeen azaldu nahi du Iñaki Rokarte arabarrak zuzendu duen antzezlanak. «Txotxongiloaren eta antzerki errealistenaren teknikak nahasiz, jeloskortasunaren gaineko kezka plazaratzen da, haren gordintasun osoan aurrez aurre begiratuz, baina umorea galdu gabe».

‘Uniko’ obran Iñaki Rikarte antzerkigile, aktore eta zuzendari gasteiztarra Teatro Paraiso konpainiarekin elkarlanean aritu da berriro; izan ere, aurretik ‘Erpurutxo’ lanean ere hartu zuen parte, zeina haurrentzako antzerkiaren arloko aitorpen eta sari garrantzitsuak jasotzen ari den.

Bingen Mendizabal arduratu da musikaz eta Ikerne Gimenez eszenografia eta jantzi landuez; biak konpainiaren ohiko laguntzaileak dira.

‘Uniko’ lanak interpretazio onenaren saria jaso du FETEN-Haurrentzako Arte Eszenikoen Europar Azokaren XXIX. edizioan. Maite Bayon aktoreak jaso du, Paul mutikoaren pertsonaiarengatik. Txotxongiloen manipulazioa eta aktore bilbotarraren ahots karakterizazioa hartu ditu kontuan epaimahaiak. Ainara Unanuek eta Tomas Fernandez Alonsok zein Aitor de Kintanak (lehenak gaztelaniazko bertsioan eta bigarrenak euskarazkoan) laguntzen diote agertokian.

Bi saio, euskaraz eta gazteleraz

Teatro Paraiso taldearen ‘Uniko’ ikuskizuna igande honetan, azaroaren 1ean, estreinatuko da Gasteizko Principal antzokian. Iñaki Rikartek zuzendutako lana sei urte gorako umeentzat da. Bi saio eskainiko dira bihar. Lehena 12.30etan, euskaraz, eta 18.00etan, gaztelaniaz.

«Pandemiarengatik bertan behera utzi behar izan genuen hitzorduetako bat da. Oso pozgarria da hilabete batzuen buruan berreskuratzea. Gasteizko familiak kalitatezko proposamen honetaz gozatzera animatzen ditugu, tokiko konpainia sarituenetako baten bermea baitu, Teatro Paraisorena», animatu dute udaletxeko Kultura sailetik.

Sarrerak dagoeneko salgai daude.