Idoia ERASO

Lehen konfinamendutik ikasita, liburu dendak fite hasi dira berriz lanean

Covid-19aren ondorioz bigarren konfinamenduan da Ipar Euskal Herria, eta lehen itxialditik ikasita, liburu dendak hetsiak izanik ere salmenta atxikitzeko sistema fite eman dute plantan. Kultur obra internetez edo telefonoz eskatu eta gero, dendara bila joatea proposatzen dutenak anitz dira. Liburutegi publikoak ere eskaintza hori egin ahal izateko lanean dira.

Donibane Lohizuneko Le 5ème Art liburu dendara ezin da sartu, baina aitzinetik eskatutako obrak eros daitezke. (GUILLAUME FAVEAU)
Donibane Lohizuneko Le 5ème Art liburu dendara ezin da sartu, baina aitzinetik eskatutako obrak eros daitezke. (GUILLAUME FAVEAU)

Aurreko ostiralean covid-19aren pandemiaren ondorioz ezarritako bigarren konfinamendua abiatu zen Estatu frantsesean, eta ondorioz, Ipar Euskal Herrian. Hilabete batez beharrezkoak ez diren produktuak saltzen dituzten dendak hetsiak dira, horien artean liburu dendak, baina horrek ekartzen duen galera ekonomikoari aurre egiteko, saltzen jarraitzeko sistema abiatu dute jada. Udaberrian izan zen hetsialdian ikasitakoa berehala eman da berriz plantan.

Ezin da dendara sartu, ezin dira obrak begiratu eta ukitu, baina lehenagotik hautatutakoaren bila joan daiteke. ‘Drive’ edo ‘Click and collect’ bezala ezagutzen den sistema honetan, beste saltoki anitzek bezala, liburu dendek ere obrak telefonoz edo internetez eskatu eta gero, horien bila joateko sistema proposatzen dute. Ipar Euskal Herrian kultur obrak saltzen dituzten denden gehiengoak eskaintza hori egiten duela erraten ahal da, bederen horrela da denda gehienak biltzen dituen Baiona, Angelu eta Biarritz inguruan.

Donibane Lohizuneko Le 5ème Art-ek ere horrela egiten du, asteartetik larunbatera, goizero obrak biltzera joateko parada eskainiz. Eskaera telefonoz, eta librairies-nouvelleaquitaine.com webgunearen bitartez egin daiteke, hau da liburu denda independenteak biltzen dituen elkartearen gunean. Sare horren parte ere bada Biarritzeko Bookstore, non ‘erresistentzia’ antolatzen ari direla baieztatzen duten ‘Konfinatuak baina ez irakurketarik gabe’ kolektiboko parte ere badiren jabeek. Baionako Elkar, De la pente, Alinéa eta Hirigoyen ere sare horren parte dira.

Lapurdiko hiriburuan, Chez Simone liburu dendak bere aldetik proposatzen du salmenta, baita Gribouille eta Du Banc Dessiné komiki dendek ere.

Fnac hestera behartuta

Hipermerkatuekin gertatu den bezala, non saltoki txikiek konkurrentzia desleiala salatu ondoren asteartetik goiti beharrezkoak ez diren produktuen parteak hetsi behar izango dituzten, kulturaren eremuan ere, gauza bera gertatu zen joan den astean.

Ostiralean, konfinamenduaren lehen egunean, Fnac dendak, Baionakoa barne, bere osotasunean irekiak ziren, bertan telelanerako beharrezkoak ziren materialak salgai direnez horren baimena jaso dutelako. Baina liburu denda txikietako jabeen presioaren ondorioz, larunbaterako kate handiak beraien dendetan salgai diren liburu, disko, DVD edo bideo-jokoen eremuak 15 egunez publikoari hetsiko dizkietela jakinarazi zuen.

Liburutegiak

Aurreko konfinamenduan bezala zenbait liburutegi edo mediatekak bere zerbitzua eskaintzen saiatuko dira, hau da lehenagotik eskatuta, kultur obrak hartu ahal izatea ahalbidetzea. Baionako mediatekako arduradunek NAIZi adierazi diotenez, sistema plantan emateko baimen eta baliabide guztiak oraindik lortu ez badituzte ere, heldu den asterako baionarrek liburuak, diskoak eta DVDak eskuratu ahal izateko parada izanen dute.

Gauza bera antolatzen ari dira Donibane Lohizuneko gunean, eta bertan ‘Biblio’drive’ deitzen dutena noiz abiatu ahal izanen duten ez duten jakitera eman. Aldiz, azaroaren 10etik goiti telefonoz kontsultak egiteko parada eskainiko dute. Euskal Elkargoak kudeatzen dituen Amikuze, Garazi eta Irisarriko mediatekak ere irekiak izanen dira.

Biarritzekoa aldiz, konfinamenduan zehar ez da irekiko, azaroaren 30era arte hetsia izanen dela eman dute haien webgunean. Hendaiakoa ere ez da berehala irekiko, «agindu berririk izan arte» hetsia izanen da, konfinamendu osoan zehar izanen den edo ez argitu gabe.