NAIZ
IRUÑEA

Karrikiri elkarteak Xabier Leteren omenez ziklo bat antolatu du

Hamar urte joan dira Xabier Lete zendu zenetik eta Iruñeako Karrikiri elkarteak sortzailea gogoratu eta haren obra ezagutarazteko bi hitzordu antolatu ditu. Anjel Lertxundi eta Alex Gurrutxagaren eskutik hitzaldi bat hilaren 23an eta Antton Valverderen kontzertu bat abenduaren 17an.

Abenduan hamar urte beteko dira Xabier Lete musikaria zendu zela. (Jon URBE I FOKU)
Abenduan hamar urte beteko dira Xabier Lete musikaria zendu zela. (Jon URBE I FOKU)

Abenduan hamar urte beteko dira Xabier Lete (1944-2010) oiartzuarra zendu zela eta urteurren borobilaren harira omenaldiak antolatzen hasiak dira erakunde zein elkarteak, Iruñeko Karrikiri kasu. Nafar Ateneorekin elkarlanean, eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin, bi ekitaldi iragarri ditu astelehen honetan sortzailearen izena omendu eta haren obra oparoa ezagutzera emateko.

Lehen hitzordua datorren astelehenean izango da, hilaren 23an. Anjel Lertxundi eta Alex Gurrutxagaren eskutik ‘Xabier Lete, historiaren tabernan’ hitzaldia eskainiko da Kondestableko areto nagusian (19.00). Hizlariek Xabier Leteren inguruko hainbat puntu jorratuko dituzte: poesia eta prosa; baita prozesu poetikoa ere ‘Izarren hautsa’-tik hasi eta ‘Egunsentiaren esku izoztuak’-eraino. Era berean, Lete autodidaktaz eta aberriaren auziaz zein fedearenaz ere arituko dira, besteak beste.

Karrikirik ohar bidez azaldu duenez, eta Bohumil Hrabal idazle txekiarraren hitzak gogora ekarriz, «belarria jarri eta kontakizunen sorta bat sortzen da tabernako jardun hutsaletatik». Halako jardun askok lortzen omen du «egunerokotasun tristetik zerbait ederra ernaltzea edale baten edo bestearen bihotzean». Hartan, tabernako istorio eta pentsamendu asko bihurtzen dira iraunkorrak. Taberna beraz, herriko plaza, kaleak, herritarrak… «Letek liburuetan biribiltzen zuen kalean entzundakoa: ahozkoak eta idatziak, bi-biek egiten dute bat Leteren poetikan».

Bigarren hitzordua abenduaren 17an izango da. ‘Hor zaude nonbait’ izenarekin ospatuko da Nafarroako Antzerki Eskolan (19.30) kontzertua. Antton Valverdek Xabier Lete bere betiko lagunaren letrak eta poemak musikatu dituen kantu sorta berezia eskainiko du, eta musikari-kolaboratzaile eta lagun bat izango du lagun: Joxan Goikoetxea akordeoilaria.

Klara Mendizabal sopranoaren ahotsak eta Francisco Herreroren biolin eta biolak koloratura berezia ekarriko diote proposamen intimo honi, Oiartzungo poeta eta musikariaren heriotzaren hamargarren urteurrena ospatzeko.