NAIZ
errenteria

Atlantikaldia jaialdiak datozen hilabeteetarako mugarriak aurkeztu ditu

Errenteriako Atlantikaldia jaialdiak orain arte eman duenaren balorazioa egiteaz gain, arduradunek datozen hilabeteotan emango duenaren berri azaldu dute ostegun honetan. Kultur aniztasuna oinarri, udazkenetik hasi eta 2021eko ediziora bitartean ekimenak antolatzen hasi dira.

Jaialdiaren balorazioa eta datorrenaren berri eman dute ostegun honetan. (Atlantikaldia)
Jaialdiaren balorazioa eta datorrenaren berri eman dute ostegun honetan. (Atlantikaldia)

Irailaren 24tik 26ra musika jaialdi moduan hartu zuen Fanderian kokatutako eszenatokia Atlantikaldiak. Kultur Topagune gisa, hala ere, «asko du emateko oraindik 2020ko edizioak». Jaialdiak orain arte eskaini duenaren balorazioa egiteko eta datozen hilabeteotan emango duena aurkezteko agerraldia egin dute ostegun honetan arduradunek.

Ion Collar Kultura zinegotziak onartu duenez, aurten egindako ibilbidea «ez da erraza izan» ziurgabetasunak baldintzatu baitu jaialdia bai kanpora begira baita barrura begira ere. Hala ere, antolakuntza taldea «pozik» agertu da aurtengo edizioak orain arte utzitakoarekin: «zailtasunak zailtasun, egoera bakoitzeko irizpideetara moldatu gara, eta jaialdiak aurrera egin du».

Egoerak hainbat aldaketa eragin zituen, besteak beste, estreinakoz, musika kontzertuetarako sarrerak gonbidapen bitartez kudeatu dira osasun eta segurtasun neurriak bermatu eta aforoak kontrolatzeko. Gainera, pandemiak bakarrik ez, eguraldi txarrak erabat baldintzatu zuen, adibidez, irailaren 24tik 26ra programatutako egitaraua. Arazoak arazo, baina, taula gainean aritutako musika taldeen zuzenekoen maila goraipatu nahi izan dute, hala nola Itsas elkarrizketek «eskainitako esperientzia aberatsak».

Datozen ekimenak

Jaialdiak, haatik, badu musikaz harago doan ezaugarri bat, «bakarra egiten duena». Hain zuzen herriko eragileen proposamenez elikatzen den programa da, kultur artekotasuna eta sormena ardatz osatzen den ekitaldi eta jarduera sorta.

Hau horrela, Atlantikaldia iraileko asteburuan garatu ezin izan ziren hainbat jarduera datozen hilabeteetan egiteko lanean dago orain antolakuntza. «Jaialdia ez da bukatu, herriko zein kanpoko hainbat eragileekin kultur jarduera ezberdinak prestatzen ari gara», azaldu du Samira Goddi  Errenteriako Aniztasun Saileko teknikariak. Eta kultur aniztasuna oinarri duten jardueren pintzelkada batzuk eman ditu.

Atlantikaldiak udazken honetatik 2021 ediziora bitartean jarduera batzuk iragarri dituzte dagoeneko. Lehena hilaren 27an izango da, datorren ostiralean. ‘Gure herriko Iparragirre’ izenburupean, Udal Txistulari taldeak eta Iñigo Legorburuk elkarlanean ikuskizuna eskainiko dute, Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzen den honetan. Emanaldiak Errenteriarekin izan zuen harreman estuan sakonduko du

Urteko azkena ‘Sukaldaritza fusioa’ izango da, abenduaren 12an Basque Culinary Center-en. Eta 2021eko udaberriarekin batera etorriko dira ‘Sukaldian’ errezeta liburua, Oiartzun ibaian bisita gidatuak, ‘Konexio zeltiarra’ eta ‘Muralak auzoaren ispilu’ ekimenak. Atlantikaldiaren edizio berriaren baitan egingo dira, bestalde, ‘O tempo diz!’ eta erraldoien kalejira.