NAIZ

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek Haurreskolak Partzuergoko gerentearen dimisioa eskatu dute

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek Zorione Etxezarragak, Haurreskolak Partzuergoko gerenteak, dimisioa aurkeztu dezala exijitu dute Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean «aurrekontu faltagatik Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmena eta akordioak ez dituela betetzen onartu zuelako».

Haurreskolak Patzuergoko sindikatuen mobilizazio baten artxiboko argazkia. (Raul BOGAHO/FOKU)
Haurreskolak Patzuergoko sindikatuen mobilizazio baten artxiboko argazkia. (Raul BOGAHO/FOKU)

Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza duten sindikatu guztiek -LABek, Steilasek eta ELAk- Zorione Etxezarraga Haurreskolak Partzuergoko gerentearen dimisioa eskatu dute. Diotenez, Etxezarragak hilaren 16an EAEko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako adierazpenek eraman dituzte «ezinbestean» erabaki hori hartzera. Izan ere, «aurrekontu faltagatik Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmena eta akordioak ez dituela betetzen onartu zuela» diote.

Sindikatuek, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian 0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza eskatzeaz gain, «hezkuntza-eskubidea jaiotzatik» aldarrikatu zuten eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatu zituzten. Ostean, Zorione Etxezarragak aurrekontuan 6 milioi euroko jaitsiera izan dutela esan zuen, eta zerbitzuaren doakotasunerantz aurrera egiteko unea ez zela, sindikatuek esandakoaren arabera.

LAB, Steilas eta ELAren ustez, adierazpen horiek «ez dira onargarriak». «Pentsaezina litzateke, gainera, horrelakorik egitea gainontzeko irakaskuntza publikoko kolektiboetan. Dirua ez izateak ez dio arrazoia ematen: kalitatezko zerbitzua eta langileen eskubideak bermatzeko beharrezkoa den aurrekontua dagokion sailean eskatzea da bere ardura gerente gisa». Haurreskolak Partzuergoaren egunerokotasuna, berriz, «osatzen duten langileen profesionaltasun eta borondate onaren ardurapean geratu da, gerenteak bereak diren ardurak ahaztu eta administrazioa ezikusiarena egiten aritu den bitartean».

Era berean, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzeko momentua dela azpimarratu dute, «kalitatezko zerbitzu publikoa eta langileen eskubideak bermatu ahal izateko». Bestalde, Haurreskolak Partzuergoaren aitortza politikoa, haurreskoletako langileen, haurren eta familien beharretara egokitutako politikak eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzena eskatu dituzte.