NAIZ

«Lili (reimagined)», Sara Zozayaren single berria

Sara Zozaya artista donostiarrak «Lili (reimagined)», bere ibilbidea aldatu duen abestiaren «bertsio alternatiboa» kaleratu berri du eta «(I)» bere azken EP-aren zikloa itxi du.

“Lili (reimagined)” Sara Zozayak argitaratu duen azken kanta «bere ibilbidea aldatu duen abestiaren bertsio alternatiboa» dela azaldu du.

Kantak pasa den ekainean aurkeztu zuen azken EP-ak zabaldutako zikloa ixten du, «jatorrizko gaiaren lirika eta sentimendua» mantenduz, «nork bere burua zaintzearen eta nork bere burua aurkitzearen aldeko ereserkia etengabe mugara garamatzan mundu frenetiko batean».

“Lili” kantua aurkeztean, abeslariak azaldu zuen lana «lasai, etzan eta isiltasunean bihotzak esaten dizkigun gauzei zintzotasunez kasu egitearen garrantziaz» hitz egiten duela.

Proposamen fresko eta opoaroa

Bere lana aurten «Euskal Herriko eta Estatuko proposamen fresko eta oparoenetako» gisa deskribatu da.

Kantaren bideoklipa Coste ikus.entzunezko ekoizlearen lana da, eta abestia YouTuben eta streaming plataforma nagusietan entzun daiteke.
Sarrerak agortu dira larunbat honetan bere etxean eskaini behar zuen kontzerturako.

Orain itxi duen “(I)” (‘Bat’ gisa ahoskatu daiteke), bere bakarkako bigarrena da, eta pop alternatiboa eta erritmo elektronikoak euskal musikaren tradizioarekin uztartzen dira.

Hainbat musika proiektutan parte hartu ondoren, tartean hiru lagunekin sortu zuen Nerabe musika taldea, 2019. urteko hasieran Zozayak bakarkako ibilbideari ekin zion eta urte amaieran argitaratu zuen bere lehen luzea, “(III)” izenpean.