NAIZ

Amazonek ordezkatzen duen ereduaren aurkako lehenengo garaipena ospatu du Bizi!-k

Joan zen azaroaren 18an Bizi! mugimenduko kideek Baionako saltoki batean zegoen Amazonen banaketa gune bat blokeatu zuen. Gaur Monoprixek gune hori behin-behinean itxi du.

Monoprix taldeko saltokiaren zuzendaria ekintzaileekin eztabaidan joan zen azaroaren 18an. (Bizi!)
Monoprix taldeko saltokiaren zuzendaria ekintzaileekin eztabaidan joan zen azaroaren 18an. (Bizi!)

Bizi! mugimenduaren hainbat ekintzailek Baionako hiri erdian dagoen Monoprix saltegian kokatzen den Amazonen autozerbitzu gunea blokeatu zuten joan zen azaroaren 18an.

Estatu frantses osoan elikadura saltzen ez duten 200.000 denda txiki inguru itxita daude urriaren 30ean birkonfinamendua indarrean sartu zenetik.

Anartean, Amazon bezalako plataforma handiek beren merkatu kuota emendatzen jarraitzen dutela salatu zuen Bizi!-k «Baionako merkatariak sustengatzeko garai zail hauetan» eginiko protestaren bidez.

Gaur arratsaldean kolektibo horrek jakinarazi duenez Monoprix taldeko saltoki horren zuzendariak Amazonen banaketa gune hori behin-behinean ixtea erabaki du.

Bizi!-k ohar baten bidez adierazi duenez ekintza berriak eginen dituzte «Euskal Herriko Amazon-en beste banatze guneen hestea galdetzeko», eta garai berezi honetan soilik ez baizik eta behin betirako «Baionako Monoprixeko gunea hestea lortzeko».