Surflari ernegatua

Guri ez zaigu pasako

Pandemiaren kontu honekin hiru gauza daude argi. Bat, ez dugula ezer ikasi. Bi, ez dugula ezer ikasten. Eta hiru, ondorioz, etorkizunean ere ez dugula deus ikasiko. Birusa oraindik Txinan zenean, munduko gainontzeko herrialde guztietan txantxak egiten genituen, Txina, beti urruti baita, eta txinoak... ba hori, beti izan dira apur bat bitxiak.

Gero, italiarren txanda etorri zen, eta birusa Europara iritsi zen arren italiarrak tontotzat hartzen dituztenez, inork ez zuen deus egin. Jarraian gauza bera gertatu zen espainolekin; hauek ere gainontzeko herrialdeak baino askoz ere motzagoak direla sarritan frogatu dutenez, europarrek oraindik ez zuten neurri berezirik ezartzeko beharrik sentitu. Aldiz, jarraian Europa osora hedatu zen birusa, ziztu bizian, eta herrialde guztietan akats bera egin zuten. Gaitza bazetorrela ikusi arren, guztiak ezustean harrapatu zituen covid-19aren lehen olatuak.

Uste dut gainontzeko kontuekin ere antzeko zerbait pasatzen dela. Beti uste dugu besteak baino azkarragoak garela eta guri ez zaigula besteei gertatu zaiena gertatuko. Horregatik gertatzen zaizkigu gertatzen zaizkigunak. Uraren kalitatearekin ere gauza bera gertatuko da. Batetik, bizitzeko ezinbestekoa dugun osagaia gero eta urriagoa da planetaren luze-zabalean, eta bestetik, kalitatea ere abiada bizian ari da txartzen, baina irudiz, mundu osoko agenda politikoei begiratu azkar bat ematen badiogu, gai hau ez da lehentasuna.

Mexikoko hiriburuan gertatu zenak ezin hobeto adierazten du uraren arazoak zein bilakaera izan dezakeen. Mexiko Hiria Tenochtitlan hiriaren gainean eraiki zuten espainiarrek. 1521. urtean, Hernan Cortes konkistatzaileak Tenochtitlan hiria setiatu zuen, eta egin zuen lehen gauza bertako akueduktua suntsitzea izan zen; horrela, hiritarrak egarriz hilko ziren eta ur garbia geratzen zen lekuetara abiatu beharko zuten. Noski, han zeuden zain kristau onak, ahalik eta jende gehien hil eta bortxatzeko. Behin hiria mendean hartu eta hiritarrak masan akabatu ostean, jauregiak eta tenpluak birrindu zituzten, eta urteak pasa ahala, eskualdeko laku eta erreka sistema ere hankaz gora jarri zuten.

Urak, bere lekua hartzeko, hiria birritan hondoratu zuen, baina pixkanaka lehortea gailentzen joan zen, eta, egun, ura falta da Mexikoko hirian. Eduardo Galeanok dion moduan, orain, «Mexiko egarriz hiltzen ari da, ur bila induskatzen du, baina zenbat eta gehiago induskatu, orduan eta gehiago hondoratzen da, eta airea zegoen lekuan, soilik hautsa dago, errekak ziren lekuan etorbideak daude, eta errekek korrika egiten zuten lekuan, orain autoek egiten dute korrika».

Mexikon ura sobera zuten, bertakoek hiria kudeatzen zutenean. Oso ongi antolatua zuten hiria, behar zen lekuan dikeak ezarrita, zubiak nonahi, eta ubide egokituekin. Berrehun mila kanoa joan eta etorrian ibiltzen ziren etxeen eta kaleen artean, batetik bestera, merkatura joateko, tenpluetara, eta abar. Tragedia hau ura sobera zegoen leku batean gertatu zen, besteren artean mendean hartu zituztenen erabaki makurren ondorioz. Gu ere mendean hartu gintuzten berberak izan ziren erantzule, baina lasai, «guri ez zaigu ezer gertatuko».